«Henase irekita dago baserritar guztiei»

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 1a, 00:00

Kontxi Zubiondo eta Xabier Ezeiza, Lepa Txikin.

Hernaniko Baserritarren elkarteak identifikatu ditu 30 baserri aktibo. «Baserritarren egoera hobetzea, etorkizuneko baserritarrei bidea irekitzea, elikadura burujabetza eta herritarrengana iristea dira helburuak».

Henasek (Hernaniko Baserrien Sustapenerako Elkartea) bi urte bete ditu eta mezu argia nahi dute zabaldu: «orain bederatzi baserritarrek osatzen dugu elkartea eta irekita gaude bazkide gehiago izatera» diote elkarteko partaide diren Xabier Ezeizak (Balantxa) eta Kontxi Zubiondok (Lepa-Txiki).

Udalak beharra ikusi zuen lehenengo sektorean elkarlana sortzeko eta hasierako pausoak Udalaren laguntzarekin izan ziren arren, elkartea sortu zen modu autonomoan. Baserritar gehienekin kontaktatu zen hasiera batean eta guztietatik bederatzi daude bere formatu guztietan. «Abeltzainak daude, ardiekin edo behiekin, esnetara edota haragitara dedikatzen direnak, nekazariak daude baserri klasikoan lana egiten dutenak, tradizionalean baratza lantzen dutenak, ekologikoan lantzen dutenak eta gero daude baserritik kanpo geratzen diren formatoak ere bai. Karabeleko parte da. Azkenean kontzeptuari baserri deitzen diogu, baina gaur egun baserri kontzeptu hori asko aldatu da». 

Henase Hernani Burujaberen barnean dago eta horren bitartez ere erregulatzen da. «Egiten ditugun gauzak aurrez informatuak eta hitzartuak izaten dira eragile guztiekin. Gure atala elikadura da».  

 

«Beharrak identifikatu eta lehentasunak jarri ditugu»

Henase orain arte egituratzen aritu da. «Beharrak identifikatu ditugu eta lehentasunak jarri ditugu. Orokorrean identifikatu ditugu lau lerro nagusi. Lehenengoa, egungo baserritarren egoera hobetzen saiatzea; bigarren, etorkizuneko baseritarrei bidea irekitzea (jende berriari sarrera erraztea); hirugarren, Hernaniko elikadura burujabetza sustatzea; eta laugarren, herritarrengana iristea. Jendeak bertako produktuekiko ezagutza eta lotura ez du eta hori izatea da beste helburua». 

Orain arte saiatu dira errazenera iristen, hau da, «gure oinarrizko beharrak asetzen hasi gara. Denbora libreak hartzeko aukera lantzen ari gara laguntza lortuz jendearen kontratazioaren bitartez, praktikaldien bitartez... etorkizunean hobetzeko ideia daukagu. Aurtengo beste helburu nagusia da bertako produktuen produkzioa bultzatzea. Transformazio momentua dator eta aukera bat emango du. Ahal den neurrian hori indartzen saiatuko gara. Horretarako lurren falta haundi bat dago, baratzerako nagusiki, baina baita nekazaritzarako eta abeltzaintzarako ere. Gaur egun gaudenak ez dugu horrenbesteko lur beharra, gure formatura egokitzen gara, baina etorkizuneko baserritarrei begira aukera horren falta dago. Adibidez praktiketan daudenei jarraitzeko lurra eskaintzean bidea irekitzen zaio». 

 

«Teknikari bat baserritarrekin biltzen ari da»

Henasek martxan du lanketa hori eta horretarako aurten bi teknikari kontratatu dituzte. «Udalaren hitzarmena baliatu dugu horretarako. Iristen ez garenean egingo dute lan. Baserritarrekin biltzen ari da teknikari bat eta horrekin hasiko gara lantzen inguruko baserriekin eta baserritarrekin jakiteko zer aukera dauden, zer behar dituzten, zer eskaini dezaketen, elkartean kolaborazio bat ikusten duten... Hilabete honetan hasi gara eta uda bitarte horretan ariko gara».

Errazetik hasi dira, elkartean dauden baserritarrekin, baina Henasetik zabaldu nahi duten mezua argia da. «Elkartea irekita dago edozein baserritarrei. Nahi dugu jendea etortzea eta hurbiltzea elkartera».

Elkartean inguruko informazioa ezagutzen dute eta bidea egiteko errazagoa da. «Gainontzeko baserritarrengana iristeko bidea ere bada. Behin bide hori eginda, ingurura joko dute. Gurekin traturik izan nahi duten edo ez beraiek erabakiko dute, nahi duten neurrian. Interesagarria iruditzen zaigu. Bakoitzak bere errealitatea bizi du. Baserritar gutxi daude eta oso zaharkitua dago sektorea. Askok ez dute nahi eguneroko horretatik atera. Esaten digute lasai egon nahi dutela. Horregatik bakoitzak nahi duen mailan Henasen partehartzera gonbidatuta daude baserritarrak». 

 

«Henase irekita dago edozein baserritarri laguntzeko»

Hernanin zenbat baserri dauden jakitea zaila dela diote. «Identifikatu ditugu 30 baserri aktibo, profesionalak. Salmenta zuzena egiten dugu, nahiz eta esnetarako horren aukerarik ez izan, eta haragiarentzako transformazio gunea izan. Lagundu dezakeguna baserritar profesionala da, baina baserritar kontzeptua Henaserentzat da baserritik bizi den hori, diru sarreren %50a gutxienez baserritik lortzea. Diputaziotik dirulaguntzak jasotzeko ere hori da baldintzetako bat eta UTA bat edukitzea. Gaur egun baserri asko daude baserritik bizi ez direnak». 

Irekiak daude eta aprobetxatu nahi dituzte lerro hauek, baserritarrak animatzeko elkartera hurbildu daitezen. «Gu hurbilduko gara eta edozein baserritar produktore hurbildu daiteke. Beharren bat badu eta ikusten badu lagundu dezakegula hurbildu guregana. Udalean galdetu dezake edo Herrilurren ere bai». Printzipioz ez diete ezer eskatzen baserritarrei. «Elkartearen ideia da lan kolaboratiboarena, elkarrekin lan egiteko predisposizioarena. Elkarrekin indar gehiago egiten da».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!