Aurrera doa 308 etxebizitza eraikitzeko proiektua, urtetan geldirik egon dena

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 31a, 00:00

Xabier Lertxundi eta Mattin Aldaia, atzo goizean, planoak erakusten.

Martxan jartzeko moduan da Florida 08 eremuaren urbanizazio proiektua; garai batean AMR lantegiarena zena. Bertan, 308 etxebizitza eraikiko dituzte (176 babes ofizialekoak eta 132 tasatuak): «Honek ahalbidetuko du etxebizitza sozialaren beharrari aurre egitea eta eremu degradatu bat berreskuratzea», aitortu zuten atzo Xabier Lertxundik eta Mattin Aldaiak.

Hitzarmena sinatzekotan da Hernaniko Udala, Florida 08 eremuko promotoreekin (Etorlur Foru Aldundiaren sozietate publikoa), orain arteko zailtasu­nak gainditu eta etxebizitza babestuaren garapena errealitate bihurtzeko asmoarekin. Atzo goizean aurkeztu zituzten hitzarmenaren eta proiektuaren nondik norakoak Xabier Lertxundi alkateak eta Mattin Aldaia zinegotziak. Adierazi zuten, orotara 308 etxebizitza eraikiko direla: 176 babes ofizialekoak eta 132 tasatuak.

Lertxundik eman zituen urbanizatuko duten eremuaren azal­pen guztiak, xehetasunak atzean utzi gabe: «Florida 08 eremua, garai batean AMR adreilu lantegiak hartzen zuen eremua da. Eremu horren garapen urbanistikoa hasiera-hasieratik izan da gatazkatsua, jatorrizko planteamenduak bideragarritasun ekonomikoa ezinezkoa egiten zuelako; promotoreak karga urbanistiko handiak zeuzkan. Horregatik, Udalaren eta Etorlurren artean hitzarmen desberdinak egin izan dira. Orain, babestutako etxebizitzen beharrari aurre egiteko helburua lehenetsi da, eta hilabetetako lanketaren ondoren, hainbat erabaki adostu dira. Hortaz, Udala hitzarmen berri bat sinatzeko prest dago».

Hori horrela, alkateak azpimarratu du azken hamarkadan egindako esku-hartze urbanisti­korik garrantzitsuena jarriko de­la martxan. Hala, udal talde guztiek adostu dute lan talde bat osatzea proiektu horren garapena egiteko eta alternatiba horiek lantzeko asmoz. 

Florida 08 eremuaren garapen urbanistikoak bi helburu nagusi ditu. Alde batetik, herrian etxebizitzaren eskaintza murritzari arnasa emango dio promozioa da, gazteei begira bereziki. Eta bestalde, hirigintzaren ikuspegitik, interes haundiko esku hartze bat da, eremu degradatu baten berreskuratzea ekarriko duelako: «aintzat hartu behar da 24.623 metro karratu berreskuratuko direla», gehitu zuen Ma­ttin Aldaia zinegotziak.

Orain arte, prozesua bloke­a­tuta egon dela aitortu zuen Ler­txundik: «Hernaniko arau subsidiarioek trenbide azpiko tunela eraikitzea aurreikusten dute, eta hori da garapen hori blokeatzen ari zen puntuetako bat; garapen hori, hain zuzen ere, trenbide azpiko pasoa eraikitzearekin lotuta egon delako». Orain, ordea, Udalak eta Etorlurrek adostu dute baldintza hori kentzea. Hortaz, proposamen berriaren arabera, Udalari egin beharreko ekarpen ekonomikoa adostu eta garapena hasteko moduan izango da. «Urbanizazio horren garapenak erakarriko dituen biztanle berrien joan-etorriak zirkulazioan ere eragina izango duela aurreikustekoa da. Horretarako irtenbide bat proposatzea lotuta zegoen urbanizazio proiektuarekin», jakinarazi zuen Aldaiak. 

Beraz, Hernaniko hainbat ere­muk gaur egun jasaten duten trafiko-inpaktua aztertu zuten, eta inpaktu horren simulazioa egin zen, «kontuan hartuta Hernaniko Hiri Plangintzako Arau Subsidiarioetako Hirigune Historikoan planifikatuta dauden bizitegi-garapen berri guztiak, hau da, Florida Auzoan eta Sagastialden aurreikusita dauden 530 etxebizitza berriak eraikita». 

 

Ondorioak eta garapena

Proiektuaren nondik norakoak azaldu ostean, on­do­­rioen berri eman zuen alkateak. «Zir­ku­lazio-eredu mikroskopikoe­tan lortutako emaitzek ez du­­te adi­e­razten bide-egoera de­gra­datzen denik edo edukiera mu­rriz­ten duenik. Simulazioaren emaitzetan ikus daitekeenez, etorkizuneko agertokietan, bizitegi-garapen berrien bidez, zirkulazio arinaren adierazleak lortzen ditugu. Eta beraz, modelizatutako agertokietako trafikoaren emaitzak ikusi ostean, ondorio hauek atera ditugu: garapen berriekin, trafikoa haunditu egin da ingurune hurbilean (Floridan eta Sagastialden); ez da zirkulazio pilaketa nabarmenak eragiten dituen intentsitsate haundiko trafikorik sortzen; eta azkenik, elkargune kaltetuena Antziolako biribilgunea dela esan dezakegu, Cuesta de la Muerte alderako irteeran. Hala ere, biribilgunean eskuineko bira denez, aurreikusi dugu ez duela arazorik eragin­go». Era berean, alkateak nabarmendu zuen zirkulazioaren gaineko azterketa hori 530 etxebizitza eraikiko balira bezala egin dela, eta ez direla aintzat hartu garraio publikoa erabiltzen dutenak, besteak beste: «308 etxebizitza egingo dira eta, beraz, oraindik ere arinagoa izango litzake inpaktua».

Amaitzeko, urbanizaioa zatika egingo dela azaldu zuten: «Lehenengo bi bloke egingo dira, eta Udalak adostuko du promotorearekin horietako bat babes ofizialekoa izatea. Gainera, etxebizitzak ez ezik, errepideak, espaloiak, parkeak, aisialdi eta kirol eremuak, bidegorriak, erabilera publikoko ekipamenduak... ere au­rreikusten ditugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!