Aurrekontuaren aldaketa eta Amherren mozioa onartu ziren Hernaniko Plenoan

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 30a, 00:00

Amherreko kideek mozioa irakurri zuten astearteko Plenoan.

Desadostasunak izan ziren bi puntuetan, baina aurrera atera ziren EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoekin. 

Aurrekontuaren aldaketa proposamenak eta Amherrek aurkeztutako 'Erregulazioa orain' mozioak hartu zuten tarte haundiena Hernaniko Udalaren astearteko Plenoan. Aurreko hilabeteko eta martxoaren 9ko ezohiko Plenoetako aktak ontzat emanez eta dekretu berriak aipatuz abiatu zuten bilkura.

Hirugarren puntua azaltzeko Isa Sánchez ogasun zinegotziak hartu zuen hitza. Aurreko ostiralean egindako prentsaurrekoan azaldutako datuak mahaigaineratu zituen, 2022ko aurrekontuaren likidazioari eta gerakinari buruzko informazioarekin. Hernaniren kasuan, likidazio positiboa izan da eta 6.900.000 euroko gerakina da emaitza; Ereñotzuko Auzo Udalari dagokionez, likidazioa positiboa izan da eta 507.000 euroko gerakina da emaitza.

Oposizioa kritiko agertu zen datu horiekin. Ricardo Crespo PSE-EEko bozeramaileak nabarmendu zuen gerakinaren datua ez dela seinale ona: «Urtez urte handitzen doa gerakina, eta gure ustez ez da kudeaketa onaren adierazgarria, dagoen dirua ez erabiltzearena baizik». Bide beretik, Andoni Amonarraiz EAJ-PNVko bozeramailea udalaren kudeaketarekin kritiko agertu zen: «Zergatik gertatzen da hau? Urtero exekuzioa oso baxua da, urte batean egiten ez dena hurrengorako uzten da, eta partida berriak haunditzen dira gerakinekin; baina inbertsioen ehunekoa haunditzen ez denez, pelota geroz eta haundiagoa bihurtzen da».

Horren berri eman ondoren, laugarren puntuan bozkatu zuten 2022ko gerakinak zein proiektutara bideratu. Xabier Lertxundi alkateak azaldu zituen proiektu nagusiak; horien artean, lur azpiko parkina, kultur areto berria edota Portu eta Elizatxo Kaxkoarekin lotzeko igogailua. Jaione Aristregi Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak azaldu zuen inbertsioetan «funtsezkoak» iruditzen zaizkien proiektuak daudela: «Pozten gaitu EH Bilduk bi legegintzalditan programan jarri dituen eta egin ez dituen promesak beteko dituela jakiteak. Espero dugu etorkizun ez oso urrun batean Hernanik hainbeste behar duen auditoriuma egitea». Amonarraizek eta Crespok, aldiz, adierazi zuten oposizioaren proposamenek «ez dutela ezertarako balio». Azalpenak eta erreplikak eginda, onartua geratu zen proposamena, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoekin; EAJ-PNV eta PSE-EE abstenitu egin ziren. 

Eztabaidaren ostean, aho batez onartu ziren hurrengo bi puntuak. Lehenengoan Hernaniko hirigintza-planeamenduko arau subsidiarioen katalogoaren 1go aldaketa bozkatu zen, eta bigarrenean goi eta behe saneamenduko sarearen entrega onartu zuten. Zazpigarren puntuan aldaketa bat izan zen, hasierako proposamena Oinarrizko Lanbide Heziketa zikloen eskuordetzari uko egitea baitzen, baina gaia mahai gainean uztea erabaki zuten, Eusko Jaurlaritzarekin azken bilera bat egin eta erabakiak hartzeko. 

 

Amherren mozioa, onartuta

Mozioen atalean, Amher SOS Arrazakeriako kideek 'Erregulazioa orain' testua aurkeztu zuten. Amherretik jakinarazi zutenez, 2022an egoera irregularrean zeuden 145 pertsona artatu zituzten elkarteko harrera eta aholkularitza zerbitzuan: «Badakigu eskatzen duguna ez dela Udalaren konpetentzia, baina kanpoko errealitatea ikusarazi nahi dugu instituzioetan, hemen indarrak bildu eta estatuko politikariek onartu dezaten», azaldu zuten Amherreko kideek.

Mozioaren bozketari dagokionez, aurka bozkatu zuen alderdi bakarra PSE-EE izan zen, eta hala arrazoitu zuen Crespok: «Funtsean, mozioaren bidez eskatzen dena lege organiko baten aldaketa da». EAJ-PNV abstenitu egin zen, «Udal Plenora eramandako mozio hori Espainiako Kongresuan eztabaidatzekoa» delako. Itxaso Lekuona kulturartekotasun zinegotziak erantzun zion «Hernanin 145 pertsona artatu ondoren, ahal duguna egitea» dagokiela udal taldeei. 

Mozioa onartu egin zuten, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!