Martxan dago 'Hernanin' egitasmoko establezimenduen udaberriko kanpaina

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 30a, 00:00

Banatuko dituzten oihalezko poltsak. Argazkia: 'hernanin.eus'

Hernaniko Establezimenduen Plaza da 'Hernanin', eta oihalezko erosketa poltsekin lotutako kanpaina jarri dute martxan.

Udaberriko kanpaina abiatu du 'Hernanin' egitasmoak. Oihalezko erosketa poltsekin lotutako dinakima izango da: poltsa horiek kanpainan izena eman duten establezimenduetan eskuratu ahal izango dira erosketa bat egiterakoan, eta poltsarekin argazkia ateratzen eta bidaltzen dutenen artean lehiaketa bat egingo dute. 

Poltsak jada establezimenduetan daude, eta ateratako argazkiak 688 607 838 zenbakira bidali behar dituzte partehartzaileek. Ondoren, 'Hernanin' egitasmoak dituen sare sozialetara igoko dituzte, eta atsegite gehien jasotzen dituen argazkiak eskuratuko du hernanin.eus erakusleiho digitaleko saltokien produktuekin osatutako saria. Lehiaketa larunbat honetan bukatuko da, apirilaren 1ean, arratsaldeko 14:00etan. 

 

Erakuslehio digitala, hobetzen

2021eko otsailean abiatu zen 'Hernanin' proiektua, eta hobekuntzak txertatzen jarraitu dute azken hilabeteetan: «Herriko saltokien erakusleiho digitala da, eta, bertan, Hernaniko denden produktu eta zerbitzuen eskaintza bateratua aurkitu daiteke», gogorarazi dute.

Azken aldian egin diren aldaketen artean daude, esaterako, diseinu berria, informazioaren eguneraketa, establezimenduak bilatzeko erraztasunak txertatzea edota Ekhilurreko kideen bereizgarria: «Ekhilur sistemaren parte diren saltokiek bereizgarri bat dute atari honetan, eta sarera atxikitzen diren establezimenduen zerrenda eguneratua kontsultatu daiteke horren bidez». Establezimenduen talde lanketa sustatzeko eztabaida gune bat ere sortu dute, bertan amankomunean dituzten beharrak konpontzeko, proiektu partekatuak garatzeko eta komunikazioa lantzeko.

Datuei dagokienez, 174 saltoki daude hernanin.eus webgunean, proiektua abiatu zutenetik 7.100 erabiltzailek bisitatu dute ataria, eta, guztira, 75.000 bisita jaso ditu erakusleiho digitalak, jakinarazi dutenez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!