«Pertsona batzuek bizitza osoan egiten dute borroka, eta haiek dira ezinbestekoak; zu zara horietako bat, Jesus»

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 29a, 17:30

Omenaldi luze bezain goxoa egin zioten Jesus Uzkudun Illarramendiri, astearte iluntzean, Biterin.

Lepo bete ziren Biteriko areto nagusiko harmailak astearte iluntzean, eta baita eszenatokia bera ere, aulkiz josita. Herritar talde baten ekimenez, Jesus Uzkudun Illarramendiri omenaldia egin zioten, urte hauetan guztietan egindako lana aitortzeko.

Garai eta arlo ezberdinetako lagunak eta lankideak izan ziren bertan, inork ez baitzuen aukera galdu nahi izan, Uzkudunek egindako ibilbide oparoa eskertzeko. Kantuan eman zioten hasiera ekitaldiari, Goiz Eguzki abesbatzaren eskutik; eta Uzkudunen argazki sorta bat jarri zuten pantailan ikusgai ondoren, gaztarokoak batzuk, berriagoak besteak.


Ondoren, Jesus Uzkudunen ibilbideari errepasoa egin zioten Juanbau Erauskinek eta Maite Villasantek. Baserriko lanetan aritu ondoren, industrian hasi zeneko garaiak gogoratu zituen Erauskinek: «Gureola paper fabrikan aritu zen, eta luze baino lehen hasi zen konpromisoak hartzen. 22 urterekin Orbegozo fabrikara, eta konturatzerako, ETAren barruan zegoen, ETA Sextan. Propaganda paskinak zabaltzen hasi zen, poliki-poliki konpromiso gehiago bereganatuz. Bolada batean klandestinitatean bizi behar izan zuen, noiznahi etxebizitza aldatuz, polizia atzetik zuelako. Ez du etenik izan Jesusen ibilbideak, eta ezta hartu dituen konpromisoek ere, asko izan baitira».

Villasantek, berriz, nabarmendu zuen «mila ardura» hartu dituela Uzkudunek, jubilatu ondoren ere, «gai oso desberdinetan parte hartu eta bere aletxoa jartzeko. Bere gai nagusia, ordea, sindikalgintza izan da, ia bizitza osoa dedikatu diona. CCOO sindikatuan 1969tik, betiere langileen eskubideen defentsan, nahiz eta CCOOren sindikalista izatea konplikatu xamarra izan den Euskal Herrian». 

Lan istripuak eta lan gaixotasunak izan ditu jomuga, Erauskinek nabarmendu zuen bezala: «Mugitu ditu bazterrak, betiere gaixotasuna harrapatu duen langilearen mesedetan borrokan. Bazekielako azkenean, borrokaren bidez, langile horri errekonozituko zitzaizkiola bere eskubideak eta kalte ordainak; eta ez bazen borrokatzen, ezer gabe geratuko zela».


Floridako gaztetako lau lagunek, esker ona

Jesus Uzkudunen gaztaroa ekarri zuten gogora segidan, Floridako gaztetako lau lagunek hartu baitzuten hitza. Aurrena, testu bat irakurri zuen Juanjo Buenok, Juanra Jodarrek idatzitakoa, Floridako lagunen izenean eskerrak emateko: «Hernaniko auzorik onenean bizi ginen. Bazeukan zerbait, izaera propioa; eta gazteriaren zentro bat, eta ezberdina zen bertan arnasa hartzea. 70eko hamarkada zen, eta bertan, zuekin ikasi genituen gauza asko. Hitzaldi haiek, mendira irteerak igandeetan, Urbiako akanpadak... Zu zinen gure tutorea, gida, irakaslea, bultzatzailea, bitartekaria eta gazte pentsalarien sortzailea. Arrasto ahaztezina utzi zenuen gure artean, eta hori da gakoa, zu bezalako jendeak bilakatu baitzuen Florida Hernaniko auzorik onena. Bizitza eskola bat, non ikasi genuen pertsona hobeak izaten. Bertol Brechten hitz batzuek, zuri eskainitakoak dirudite: 'Badira pertsonak, egun batean borroka egin eta onak direnak. Beste batzuek urtebetez egiten dute borroka, eta hobeak dira. Batzuek urte askotan borrokatzen dute, eta oso onak dira. Baina pertsona batzuek, bizitza osoan egiten dute borroka: horiek dira ezinbestekoak'. Eskerrik asko, Jesus».

Eta ondoren, bi kantu eskaini zizkioten Cesar, Iñaki eta Julio lagunek: Mercedes Sosaren 'Todo cambia', eta Carlos Pueblaren 'Hasta siempre, comandante'.

Ez zuten hutsik egin Asviamieko (Euskadiko amiantoaren biktimen elkartea) kideek ere, eta Javier Marques presidenteak eskaini zizkion haien esker hitzak: «2000 urtean, eskaini zenizkigun hitzaldi batzuen ondoren sortu zen Asviamie Gipuzkoa, eta ordutik beti egon zara presente. Jubilatu zinen lanean, baina ez bizitzan. Hemen zaude oraindik, laneko prebentzio, segurtasun eta osasun falta salatzeko borroka berberarekin. Elkarteko lankideok asko eskertu nahi dizugu buru-belarri aritzea amiantoak eragindako gaixotasunak salatzen».

Mikel Izagirre urnietarra, Jesus Uzkudunen laguna, atera zen mikrofonoaren aurrera segidan, eta agerian utzi zuen hernaniarraren izaera: «Gure saltsa guztietan, gehienetan behinik behin, soka berdinean geunden; beti ez. Bi egoskor elkartuz gero, ezinezkoa da hori. Errita asko egin dugu, baina haserretu inoiz ez. Jesusen ibilbide guztiak, badauka jantzi jakin bat: gaztetatik izan duen ildo politikoa, eta beti norabide berean aritzeko gogoa. Eta horrek lagundu dio sindikalgintzatik kanpoko beste hainbat ekimenetan ere koherentzia bat mantentzen, eta elkarlan hori bultzatzen. Ez nuke aipatu gabe utzi nahi, Jesusek ez dituela bakarrik egin lan horiek guztiak. Ondoan laguntzaile finak izan ditu, etxetik hasita. Batzuetan oztopak ez jarriz, besteetan konpartituz, edo bultzaz. Baina beti bidelagun izan du Izaskun».


Jesus Uzkudun: «Inoiz baino gehiago behar dugu aktibismo soziala eta anitza»

Agin Laburu eta Unai Agirre bertsolariek bina bertso eskaini ondoren, Jesus Uzkudunek berak hartu zuen hitza, jasotako berotasuna eskertzeko: «Horrenbeste emoziorekin, zoriontsu sentitzeko momentua da. Eta nahiko nituzke eskertu ekitaldi hau antolatzen aritu direnak, eta horrelako aniztasuna elkartu dutenak hemen. Sekulako txalo zaparrada merezi dute. Eskertu nahiko nuke, era berean, urte hauetan guztietan jaso dugun laguntza. Momentu guztiak ez dira gozoak izan, eta babes hori estimatzekoa da. Nire konpromisoari buruz, aipatzen dute sufrimendua eta sakrifizioa; eta ez dut esango ez naizenik haserretu, baina gozatu egin dut nire jardunarekin. Inoiz baino gehiago behar dugu aktibismo soziala eta anitza. Denok izango ditugu zauriak, baina elkartu eta aurrera egiteko ahalmena izan behar dugu. Amiantoak 91.000 pertsona hiltzen ditu urtero Europan. Non dago horrelako gerra bat? Baina zenbait instituzio erabat tematuta daude hori estaltzeko. Guk ahalegina behintzat egingo dugu, hori aztarrikatu eta azaleratzeko. Baina ez amiantoarekin bakarrik ez. Amiantoak ez ditzala ezkutatu beste gaixotasunak eta minbiziak, asko daudelako lan munduan. Mila esker, eta babestu borroka soziala».

Goiz Eguzki abesbatzak jarri zion errematea ekitaldiari, eta taldeko argazki erraldoia atera zuten ondoren, bertaratutako guztiekin, luntxa egin aurretik.

Erlazionatuak

Jesus Uzkuduni aitortza ekitaldia

Kronika - Erredakzioa 2023 mar 29 Hernani

Jesus Uzkudun Illarramendiri omenaldia

Kronika - Erredakzioa 2023 mar 29 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!