Haur eta nerabeen emozioei buruzko hitzaldia eskainiko du Donna Apellanizek, bihar, Biterin

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 29a, 00:00
Donna Apellanizek eskainiko du hitzaldia.

Gurasoei zuzendutako hitzaldia izango da, eta familiaren osasun emozionala zaintzeko tresnak emango ditu Apellanizek, 18:00etan hasita. https://labur.eus/emozioenbidelagun

Haur eta nerabeen emozioen bidelagun: nola zaindu seme-alaben emozioak. Horixe da Donna Apellaniz Nieto irakasle eta terapeuta emozionalak eskainiko duen hitzaldiaren izenburua. Helburu nagusia da gurasoek seme-alaben emozioak kudeatzeko eta zaintzeko kontuan izan beharrekoak lantzea, familiaren osasun emozionala zaintzeko tresna sinple eta eraginkorrak eskuratuz. 

Helburu horiek betetzeko zortzi galderetan oinarritutako edukiak landuko dituzte hitzaldian: Zer dira emozioak?, Emozioen funtzioak, Nondik datoz emozioak?, Zertara bultzatzen gaituzte emozioek?, Kudeaketa emozionala, Nola bizitzen dituzte emozioak haur eta nerabeek?, Nola izan haurren eta nerabeen bidelagun emozionala? eta Estrategia eta tresna sistemikoak. Horrez gain, emozioak zer diren jakitea, emozioen funtzioak ezagutzea, emozioak kudeatzen ikastea eta gatazka emozionala era onuragarri batean konpontzen ikastea dira xede zehatzetako batzuk. 

Metodologikoki, hitzaldi teoriko-praktikoa izango da: «Metodologia dinamikoa erabiliko da. Teorian oinarrituta, egunerokoan bizitzen diren egoerak landuko dira, esperientziarekin konektatzeko eta lanketa sakonagoa egin ahal izateko». 

Hitzaldia arratsaldeko 18:00etan hasiko da eta ordu eta erdiko iraupena izango du. Guztiz doakoa izango da saioa, euskeraz eskainiko du Apellanizek (aldibereko itzulpen zerbitzua izango da), eta komenigarria da aurrez izena ematea. Horretarako, https://labur.eus/emozioenbidelagun estekan apuntatu behar dute hitzaldira joan nahi dutenek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!