Gaur omenduko dute Jesus Uzkudun, Biterin

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 28a, 00:00
Arratsaldeko 18:45etan hasiko da omenaldia.

Bizilagun talde batek antolatuta, egindako lana aitortu nahi diote. 18:45etan izango da ekitaldia, Biterin.

Jesus Uzkudun omenduko dute gaur, Biteri Kultur Etxeko areto nagusian. Hernaniko bizilagun talde batek antolatu du aitortza ekitaldia, «osasunerako eskubidearen alde urteetan egindako lanagatik». 18:45etan hasiko dira Uzkudunen ibilbidea errepasatzen: «Umetatik hasi zen baserriko lanetan, eta une honetan jubilatuta bai, baina ez dago erretiratuta Jesus gure laguna. Berak esaten duen bezala, mingarriak diren gaiak ez dira amaitu, eta zoritxarrez, hor jarraitzen dute, kalte haundia eragiten».

Laneko osasunaren aldeko borrokan aritu da, batik bat, Uzkudun. Euskadiko CCOO sindikatuko aurpegi ezagunenetako bat izan da, eta urte askotan aritu da Lan Osasuneko eta Ingurumeneko idazkari lanetan. Erretiroa hartu badu ere, Uzkudunek lan gaixotasunen aurkako borrokan jarraitzen du, Euskal Herriko amiantoaren biktimen elkartean, lan gaixotasuna salatu eta kalte-ordaina eskatu dezaten.

Uzkuduni egindako elkarrizketa argitaratuko du Kronikak, larunbat honetako alean, bere ibilbideari errepasoa egiteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!