Bailarako hondakin kudeaketa sistema ezagutu dute Portugalgo ordezkariek

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 28a, 00:00

Portugalgo ordezkaritza zabala izan zen Hernanin.

Astigarragara eta Hernanira egin zuten bisita aurreko ostegunean, bi herrietako sistema gertutik ezagutzeko.

Hernanik eta Astigarragak jaso berri duten Zero Waste ziurta­giriaren harira, Portugalgo zen­bait erakunde publikotako ordezkaritza baten bisita jaso zuten bi udaletako ordezkariek, aurreko ostegunean: «Haien herrietan Europako araudietara egokitzeko hondakin zerorako politikak jartzeko asmotan, hemen martxan dagoen sistema ezagutu nahi izan dute», azaldu zuen Hernaniko Udalak. 

Hernanira egin zuten bisita aurrena, eta Xabier Lertxundik harrera egin ondoren, Mattin Aldaia Ingurumeneko zinegotziak eta Udaleko teknikariek azaldu zieten Hernaniko zabor bilketa sistema. Udaletik azaldu dute «galdera tekniko ugari» egin zituztela: «Oso bisita teknikoa izan zen, ingurumenaren eta hondakinen kudeaketaz arduratzen diren teknikariak eta ordezkari politikoek osatzen zutelako ordezkaritza». Hernanin bisita egin ondoren, Astigarragara joan ziren, bertako sistema ere gertutik ezagutzeko; eta Xabier Urdangarin alkateak egin zien harrera bertan.

Bi herrietako hondakin bilketa sistema ezagutu zuten Portugalgo 15 udal ordezkarik, hondakinak kudeatzen dituzten zenbait enpresa publikok, 174 udalerriren hondakinak kudeatzen dituen EGF entitateko kideek eta  Portugalgo Ingurumen Ministerioari aholkularitza ematen dion Ecogestus enpresako ordezkariek. 

Azalpenak jasotzeaz gain, hondakinak sailkatzeko erabiltzen diren moduak tokian bertan ezagutu zituzten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!