Martxan daude Karabel eta Portu auzoak lotuko dituen bidearen obrak

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 28a, 00:00

Martxan daude obrak, eta ekainerako bukatzea da aurreikuspena.

300 metroko bidea egingo dute bi auzoak lotzeko. Obrak ekainerako amaitzea da aurreikuspena.

Martxan daude dagoeneko Karabel eta Portu auzoa lotuko dituen bide berriaren obrak. 320.000 euroko aurrekontuarekin, 300 metroko luzera eta 3 metroko zabalera izango duen pasealeku argitsua egingo dute. Tren estazio berria martxan jarri zenetik moztuta geratu zen bi auzoak elkartzen zituen bidexka, eta behar horri erantzuten dio oraingo proiektuak. 

Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak azaldu zuen segurtasuna bermatzea izan dela udalaren helburu nagusia, horrek prozesua luzatu duen arren: «2020ko abenduan jakin genuen zein zen ADIF-en proiektu zehatza, eta orduan hasi ginen bidearen proiektua osatzen. Lehenengo proposamenean ikusi genuen segurtasun eta genero ikuspegitik gune ilun bat sor zitekeela; orduan, bigarren proiektu bat eskatu genuen, teknikoki konplexuagoa, uste genuelako horrelako bide batek ezin zituela zalantzak sortu». Lertxundik nabarmendu zuen ez dutela inolako zerikusirik izango bide zaharrak eta berriak. 

Gune atsegin bat sortzea izan da udalaren beste helburuetako bat, oinezkoen mugikortasuna hobetzen lagunduko duena: «Hiru metroko zabalera izango du bideak, eta oinezkoentzat izango da, bizikletek badutelako bidegorria beste aldetik. Jendeak paseatu dezan pentsatutako bidea da, horregatik aulkiak ere jarriko dira jendea bertan lasai egon ahal izateko».  

Bide berria egiteko trenbidearen alde batean dagoen gunea garbituko dute, ahalik eta zuzenen iristeko auzo batetik bestera. Mattin Aldaia Ingurumeneko zinegotziak azaldu zuen eremua garbitzeko zuhaitz inbasoreak bakarrik kenduko dituztela: «Badaude zuhaitz batzuk babestuak daudenak edo interes berezia dutenak. Horiek, noski, mantendu egingo ditugu, eta espezie inbasoreak dira kenduko ditugunak». 

Mugikortasun planean jasotako proiektua da martxan jarri dutena, eta oinezkoen mugikortasuna hobetuko duen bidea dela azpimarratu zuen Lertxundik: «Hemendik lotura dago Akarregira, Landarera edo tren estaziora oinez iristeko. Hau ez da behin behineko konponbidea, betirako geratuko da». 

Aurreikuspenen arabera, hiru hilabeteko iraupena izango dute obrek; beraz, ekainerako bide berria erabilgarri egotea espero dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!