Euskal Ligako neskek bosgarren postuan amaitu dute denboraldia

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 28a, 00:00

Euskal Ligako mutilek, garaipena lortu zuten Bera Beraren aurka (0-3). Denboraldia amaitzeko, beste jardunaldi bat gelditzen zaie.

Emaitza guztiz desberdinak lortu dituzte Euskal Ligako taldeek, asteburuan: mutilek garaipena eta neskek, aldiz, porrota. 

Larunbat arratsaldean jokatu ziren partiduak, eta mutilen partidua garrantzitsua izan zen, Donostian jokatu baitzuten, Bera Bera taldearen aurka. Espero zen modura, mutilek maila ederra erakutsi zuten, eta emaitzan islatu zen egindako lana: 0-3 irabazi baitzuten. Aurreneko jokoan erraz garaitu zuen Hernanik Bera bera; eta gainontzeko jokoetan nahiko berdintsu jokatu zuten talde donostiarrak eta hernaniarrak. Honela joan zen partidua: 17-25, 24-26 eta 23-25. Oraindik beste jardunaldi bat gelditzen zaie mutilei denboraldiari amaiera emateko, eta 6garren postuan amaitzeko.

Neskei, aldiz, txanponaren beste aldea tokatu zitzaien. Gas­­teizen jokatu zuten larunbat arratsaldean, eta gogorra izan zen partidua. Oso pa­­rekatuta aritu ziren bi talde­ak  (25-21, 25-23, 14-25 eta 25-22), baina garaipena etxean gelditu zen. Hernaniko neskek dena eman bazuten ere, ezin izan zuten garaipenik lortu eta aurtengo denboraldiari amaiera eman diote, 5garren postuan geldituz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!