Aitor Ruiz de Egino hernaniarraren 'Mezundia' erakusketa ikusgai, Donostiako Arteztu galerian

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 27a, 00:00
Aitor Ruiz de Egino, 'Mezundia' erakusketako bi lan atzean dituela.

Apirilaren 24ra arte egongo da ikusgai, artista plastikoaren erakusketa berria. Zuhaitzen eta mendien formak dituzten lanekin osatu du.

Mezundia izenarekin, erakusketa berria inauguratu du Aitor Ruiz de Egino artista plastiko hernaniarrak, Donostiako Arteztu galerian (Resurrección Ma­ría de Azkue kalea, 12). Apirilaren 24ra arte egongo da ikusgai, eta zuhaitzen eta mendien formak dituzten lanek dute protagonismoa erakusketan. 

Hain justu, hortik dator erakusketaren izena; Ruiz de Eginok egin ohi duen bezala, euskera jatorrizko hitz jokoekin asmatutakoa: «Izen asmatua da Mezundia, mendia eta zugaitza hitzekin».

Soraluzen jarritako Nazatugi erakusketaren kasuan bezala, bere sorkuntza prozesuan izandako aldaketa nabaritu daitekeela azaldu du hernaniarrak: «Orain arte, oso forma organikoak erabiltzen nituen nire lanetan, nagusiki. Baina erakusketa honetan, nahiko lan geometrikoak ikus daitezke, organikoekin batera». Erakusketa osatzen dute tamaina desberdinetako aluminiozko mihiseetan margotutako lanek, aluminio galdatuan egindako eskulturek, eta brontzezko pieza batek.

Bere lana «Adarra mendiaren magaleko industriagunean» garatzen duen aldetik, «mendi horretatik eta bere ingurune naturaletatik sortzen diren ezuste eta misterioek liluratu» egiten dute artista; eta espazioak, bere formek, zuhaitzek, ibaiek, harriek, lanbroek eta animaliek lagundu diote «kosmogonia oso pertsonal bat osatzen». Natur munduaren eta industriagunearen arteko «oreka beti ezegonkorra» islatzen da bere lanetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!