«EH Bilduk ez zuen oposizioa gonbidatu joan den asteko bisita instituzionalera»

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 26a, 00:00

Hernaniko EAJ-PNVk salatu du, «5.125 hernaniarren ordezkariak mespretxatu» dituela EH Bilduk, Europako herritar talde baten bisitan.

Hernaniko Udalak aurreko astean jasotako bisita instituzionalaren harira, «EH Bilduk oposizioarekin izandako jokabidea» kritikatu du Andoni Amonarraizek, Hernaniko EAJ-PNVren bozeramaileak: «Europako herritar talde bati harrera egin zion Udalak, herrian zehar ibili ziren, eta agur esan zitzaien udaletxeko aretoan. Hiru ekitaldi horietako bakar batean ez zen oposizioko ordezkaririk izan, ez gintuztelako gonbidatu».

Horren harira, Amonarraizek adierazi du, EH Bilduk «5.125 hernaniarren ordezkariak mespretxatu» egin dituela «berriz ere»; eta kritikatu du, ez dagoela «Hernaniko EH Bilduk egiten duen politika baino gauza kutreagorik, oposizioarekin duen komunikazio ereduari eta honen partehartzeari dagokionez».

Jeltzaleak azal­du duenez, «urteak» daramazkite «integrazioa, bizikidetza eta desberdinarekiko errespetua lantzen, eta hala ere, EH Bilduk beti baztertzen du oposizioa. Nire ustez, funtsean, arazo larria dute, Hernani beraiek bakarrik direla uste baitute, edo herria eurena dela. Bestela, ulertezina da oposizioarekiko duten jarrera diskriminatzailea». Eta adierazi du, «mespretxua» areagotzen ari dela hauteskundeen atarian. «Ulertzen dugu egun hauetan kolpez egin beharra, legegintzaldi osoan egin ez dituzten gauzak; edo horren itxura eman nahi izatea, eta prentsan egunero azaldu nahia. Baina hori egin daiteke kutrea izan gabe. Ziur gaude, azken orduko mugimendu hauek ez dutela aldatuko hernaniarren pertzepzioa, eta gogoan izango dutela pelikula osoa, EH Bilduk legegintzaldi honetan eta aurrekoetan erakutsi duen egikaritze falta».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!