Hitzordu berezia jarri du Hernaniko Berdintasun Kontseiluak, gaur goizerako: Hernaniko Ibilbide Morea estreinatuko dute. Plazan jarri dute zita, 11:30etan; eta bertatik abiatuko dira, ibilbidearen parte izendatu dituzten herriko 10 puntuetara bisita gidatua egiteko, herritarren partehartzearekin.
Plazan bertan dago ibilbidearen mapa fisikoa, eta baita QR kode bat ere, horri buruzko liburuxkak eskuratzeko, euskeraz eta elebitan. Honakoak dira ibilbidearen 10 puntuak: Andre kalea, Azaroak 25 plaza, Aimar Elosegi Ansa 'Moio' kalea, Joxepa Zubeldia kioskoa, Leokako labaderoa, Ibarrolaburu-Lorenza plaza, Industriako emakume langileen pasealekua, Carmen Adarraga parkea eta Kulturarteko Plaza Feminista.
Berdintasun Kontseiluak gogorarazi du, «urteak» daramazkiela «eredu patriarkalaren lekuko» den kale eta plazen izendegia aztertzen eta aldaketak proposatzen; eta horrela izendatu dituztela Andre kalea, Carmen Adarraga parkea, Azaroak 25 plaza edota Aimar Elosegi Ansa 'Moio' kalea, azkeneko urteotan. Bide horretan, «beste urrats bat» eman dute orain, Ibilbide Morearekin: «Gure herriko historiarekin zerikusia izan duten emakumeei eta pertsona trans bati egin nahi diegu omenaldia. Pausoz pauso, Hernaniko erreferenteok historiari egindako ekarpena aitortu eta ezagutzera eman nahi du ibilbide honek», azaldu dute.