Zenbait proiektu jarriko ditu abian Udalak, 6,9 milioiko gerakinarekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 25a, 00:00
Xabier Lertxundi eta Isa Sanchez atzo goizean, 2022ko aurrekontuaren likidazioaren azalpenak ematen.

Hernaniko Udalak gerakinarekin, batetik, bidean dauden obra batzuetan partidak indartuko ditu; eta bestetik, proiektu berriei ekiteko dirua gordeko du. 

Atzo goizean, Xabier Lertxundi alkateak eta Isa Sanchez Ogasun zinegotziak 2022ko aurrekontuaren likidazioaren inguruko azalpenak eman zituzten, udaletxean. Likidazioa positiboa izan dela adierazi zuten, eta 6,9 milioi euroko gerakina da emaitza. Hala, diru kantitate horrekin datozen urteetara begira egingo diren proiektuen berri eman zuten, besteak beste, Udal Gobernuko ordezkariek.

Diru sarrerei dagokienez, aurreikusitako diru sarrerak baino %14 gehiago jaso du Hernaniko Udalak, 4.565.000 euro gehiago, hain zuzen ere: «Hala ere, kopuru horren %84a sarrera ezohikoak dira, ez dira egiturazkoak ez eta finkoak» aitortu du Ogasun zinegotziak. Gastuetan, berriz, aurreikusitako gastuen %96 exekutatu da, hau da, 1.186.000 euro gutxiago. 

Emaitzak, ondorioak eta proiektu berriak

Beraz, 2022ko gerakin erabilgarria 6.901.000 eurokoa dela adierazi zuen Hernaniko Udalak: «1.211.000 martxan dauden proiektuen finantzazioa osatzeko izango da. Martxan dauden obren kostua haunditzen ari da eta horiei aurre egiteko baliabide gehiago jarri behar dira; eta gainontzekoa proiektu berrietarako izango da».

Proiektu berrien berri ere eman zuten Udal Gobernuko ordezkariek. Proiektuetako bat da Urumeako aparkalekua; Urumea guneko garapenaren barruan, lur azpiko aparkalekurako 1.400.000 euro gastatuko dira. «Aparkaleku hori Urumea-Izpizua eremuaren urbanizazio proiektuaren barruan kokatzen da. Une honetan eraikina eraisten ari dira, eta oraingo gerakinetik 1,4 milioi euro gordeko ditugu lur-azpiko aparkalekua egiteko. Gutxienez bi solairu izango ditu, eta aukerak aztertuko dira. Publikoa izango da eta errotaziozkoa» azaldu zuen Lertxundik. 

Kulturarako azpiegituretarako 1.000.000 euro bideratuko direla aurreikusi dute, tartean, auditorio berri bat egiteko proiektua: «duela hamarkada bat baino gehiago egindako prozesu baten ondorioz, auditorio bat egiteko beharra sumatu zen. Proiektu bat egin zen, baina krisialdi ekonomikoaren ondorioz, gelditu egin behar izan zuten. Beraz, proiektu berri bat egingo dugu: egungo egoera ez baita lehengoa. Biteri kultur etxea birgaitu da, Sandiusterriko aretoaren birgaitzea abian da eta Ave Maria eraikinean sorkuntzarako gunearen proiektu ere aurrera doa». Oraingo proiektu horiek guztiak eta egungo beharrak aintzat hartuko dituela azpimarratu zuen alkateak.

Beste proiektu batzuetara ere bideratuko da gerakina, besteak beste, Portu eta Elizatxo Kaxkoarekin lotzeko igogailua, Latsunbeko frontoi estalia, Kiroldegiko rokodromoa eta San Joan konpartsarentzako lokala.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!