Hernaniko herria 2010eko maiatzean hasi zen hiri hondakinak Atez Ate biltzen. 13 urte beranduago, urteotan egindako bidea eta lortutako emaitzak ezagutu eta azaldu nahi ditu Hernanin Zero Zabor elkarteak. Gipuzkoako Foru Aldundiak ofizialki argitaratzen dituen datuak aztertu ditugu, bereziki nabarmenduz hondakin organikoaren eta errefusaren bilketan lortutako emaitzak.
Duela 14 urte, 2009an, Hernanin gaikako bilketa %32koa zen, organikorik ez zen biltzen (%0) eta errefusa deitzen dugun azken zabor nahastua pertsonako eta urteko 271 kilotan zegoen; denetara hernaniarrek 5.200 tona errefus botatzen genuen.
Azken datuen arabera –2021ekoak– gaikako bilketan %78an gabiltza, pertsona-urteko 107 kilo organiko biltzen dugu eta errefusa jaitsi dugu 62 kilotaraino (denetara 1.500 tona urtean).
Hernanik egin duen aurrerapen ikusgarria konparatu daiteke urteotan ‘borondatezko sistemarekin’ (edukiontzi handiak kalean libre, nahi duenak egiten du eta nahi ez duenak ez) jarraitzen duten ondoko bi herritako egoerarekin. Lasarte-Orian –antzeko biztanle kopuruarekin– gaikako bilketa %45ean daukate, pertsona eta urteko 30 kg organiko biltzen dituzte eta 191 kg errefus (denetara 4.000 tona urtean).
Donostian, Gipuzkoako hiriburua izan arren, urteok pasata gero gaikako bilketan %42raino besterik ez dira iritsi. Pertsona-urteko 30 kg organiko baino ez dute jasotzen eta errefusetan botatzen dute 247 kg. Donostia ari da urtean 50.000 tona errefus sortzen, Gipuzkoan sortzen den guztiaren herena baino gehiago. Europako arauek diote 2020rako hiri hondakinen %50 birziklatu beharra dagoela, baina Donostia ez da horretara ere iristen. Europak erabakita dauka 2023rako organiko guztia bereizita bildu beharra dagoela, baina Donostiak ez du betetzen.
Gipuzkoa osoari begiratuz gero, 2009an gaikako bilketa %29an zegoen eta orain %58ra iritsi da, bikoiztu. Gipuzkoan gaur pertsona eta urteko 160 kg errefus sortzen dira, denetara 138.000 tona, duela 12 urte baino 100.000 tona gutxiago. Hori posible izan da alde batetik Atez Atekoan hasi ziren udalerriek lortu dituzten emaitza oso onengatik –Hernani onenen puntan dago– eta bestetik beste udal askok ere aurrerapen handiak egin dituztelako sistema mistoekin edo edukiontzi sistema pertsonalizatuta (edukiontzi txipdunak eta abar).
Dudarik gabe, Gipuzkoak askoz gehiago aurreratuko zuen baldin eta Donostia, Lasarte-Oria, Pasaia, Irun edo Hondarribia bezalako udalerri batzuek ez balute segituko tematuta hondakin bilketa zaharrarekin (edukiontzi handi libreekin). Urteotan hondakinen kudeaketa hobea antolatu duten udalerrien lanak erakutsi du Zubietako Erraustegiaren beharrik ez daukala Gipuzkoak; aldiz, hondakinak gaizki kudeatzen dituzten horiek dira Zubietako erraustegiak bazterrak kutsatzen jarraitzeko aitzakia.
Hernanira itzulita, nabarmentzekoa da organikoarekin urteotan egindako bidea. Auto-konpostean ari diren familiak 650 inguru dira. Eta kale eta parkeetan zabaldutako ia 50 etxoletan auzo-konposta egiten ari dira beste 950 familia. Denetara, familiako 2,8 pertsona kontatuz, ia 4.500 hernaniar ari dira beren organikoak kudeatzen, biztanleen laurdena inguru. Honetan eredu izatea lortu du Hernanik.
Organikoaren kudeaketan Hernaniko udalak bazeukan beste urrats bat prest: Atez Ate bildutako organiko guztia herrian bertan tratatzeko konpost planta bat martxan jarri nahian ari zen 2019an, Espainiako Gobernuaren diru-laguntza ere lortua zuen horretarako… baina ezin izan du aurrera eraman GHKk bidea itxi diolako. GHKk ez dio Hernaniri itzuli nahi bere organikoa kudeatzeko eskumena.
Atez Ate bildutako hondakin organikoarekin GHKk egiten duena oso larria da. Hernani eta Usurbil bezalako herriek organikoa oso garbi biltzen dute, baina gero GHKri entregatu behar zaionez, honek nahasten du edukiontzi handietan zikinkeria asko daramatzaten beste organikoekin, eta ondorioz Hernanik galtzen du baliabide on bat (konpost garbia) eta galtzen du dirua. Hernanik merezi du bere konpost planta propioa edukitzea herrian, Europan dauden beste hainbeste bezalakoa. Hernanin Zero Zaborrek animatzen du Udala berriro heldu diezaion gai horri.
Beste alde batetik, Hernanik 2017an berreskuratu zuen industria-guneetako hondakinen bilketa. Horietan enpresei sortzez besteko ordainketa (‘pago por generación’ gaztelaniaz) ezarri zaie: gutxien sortzen duenak pagatzen du gutxien eta alderantziz. Gai hau oso garrantzitsua izango da etorkizunean hondakinen kudeaketa orokorrean: herritar bakoitzak ordaintzea sortzen duen zabor errefusaren arabera, hori da ‘tarifa justua’. Usurbilen jada martxan dago etxebizitzetan ere eta familia bakoitzak pagatzen du urtean zehar ateratzen duen errefusaren arabera.
Hernanin hamar urteotako ibilbidean beste aurrerapen gehiago ere egin dira. Arraindegi eta beste komertzioetan erabiltzeko ‘tupper-ware’ ontziak zabaldu dira, Aratz eta Langile ikastolen jangeletako janari soberakinak aprobetxatzeko Zero Zabor Hozkailua, Garbigune txiki Mugikorra, eta beste. Dudarik gabe, badira hobetu beharreko puntu batzuk. Hauen artean, jende pilaketa handietan -Sagardotegi denboraldian edo herriko jaietan, nagusiki- kaleetan uzten den zabor kopurua murriztea eta biltzen dena bereiztea. Horretan ere urratsak eman beharko dira.
Kontua da Hernanik hondakinen kudeaketa arduratsu bat egiteagatik lortu duela ezaguna izatea. Urteotan Euskal Herritik, Kataluniatik, Espainiatik, Frantziatik eta mundu osotik etorri dira Hernaniko hondakin eredua bisitatzera, agintariak, herritarrak, ekologistak, militanteak… Berrikitan Zero Waste Europe erakundeak Hernaniri eman dio Zero Waste (Zero Zabor) zertifikatua eta hasi da Udalari hondakinen kudeaketa hobetzen joateko aholkuak eta laguntzak ematen.
Horixe da Hernanin Zero Zabor elkartetik ere desio duguna Hernanirentzako, gaurko eredua indartu eta hobetzea. Hondakinak murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea hil ala bizikoak baitira gure eta ondorengoen klimarentzako, biodibertsitatearentzako, elikadura segurtasunarentzako eta justiziarentzako.