Hernaniko Elikadura Sistema Iraunkor eta Burujabea aurkeztu zuten atzo, Iturolan

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 24a, 00:00
Ezkerretik hasita, Xabier Lertxundi, Maite Otaño, Oihana Aristregi, Amaia Fernandez eta Andoni Zulaika, atzo, Iturolan.

Estrategiari buruzko nondik norakoak modu argi batean azaltzen duen bideoa ere jarri dute herritarren eskuetara, ondorengo estekan sartuta: 'https://labur.eus/5yLcV'.

Atzo goizean aurkeztu zuten Hernaniko Elikadura Sistema Iraunkor eta Burujabea, Iturolan. Aurkezpenean parte hartu zuten Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak, Henase elkarteko Maite Otañok, Bertatik Elikatuzeko Andoni Zulaikak, Herrilur kooperatibako kidea den Amaia Fernandezek eta Oihana Aristregik, Herrilurreko kideak eta Henaseko teknikariak. 

Hernaniko lehenengo sektoreko balio kate osoa, estrategia batean batu dela adierazi zuen Lertxundik, aurkezpen txiki bat eginez: «Hernaniko Elikadura Sistema Iraunkor eta Burujabea sortuz».  Eta segidan, helburuak jarri zituen mahai gainean: «lehenengo sektorea indartzea, eta, bestetik, balio kate osoan parte hartzen duten eragileen sustapena egitea da». 

Horretarako Eraldaketa Zentroa eta Sukalde Zentrala sustatu nahi dute, eragile guztiek batera, non Hernaniko ekoizleen lehengaiak eraldatu eta sukaldatuko diren. Modu honetara, jatetxe eta enpresei bertako produktua kontsumitzeko aukera eskaini eta bertako produktuaren ekoizpena eta kontsumoa sustatuko da. Lehenengo sektorearen sustapena eta biziberritzea laneratze eta gizarteratze lanpostuak sortuz egingo da horretarako sortu dugun Bertatik Elikatuz laneratze enpresaren bidez. Gainera ekoizle gehiago edukitzeko helburuz nekazari berrientzako formazioak ere eskainiko dira. Horrela, heziketa jaso dutenek, ordaindutako praktikak egiteko aukera izango dute Hernaniko Nekazari eta Abeltzainen Sustapenerako Elkarteko (HENASE) ekoizleen etxaldeetan. Hernaniko Udalak, bere partetik, ekoizpenerako lurrak eskuratzeko erronka dauka formazio eta praktikak jaso dituzten nekazari berrien esku uzteko. 

Hari horri tiraka, Maite Otañok hartu zuen hitza: «Hernaniko lehenengo sektorea sustatzea eta ekoizpena handitzea da erronka nagusia eta horretarako elkarlana, nekazari berrien formazio eta akonpainamendua eta lur berrien eskuratzea izango dira lan-lerro nagusiak».

Jarraian, Andoni Zulaikak azaldu zuen zer egingo duten sortutako produktu eta elikagai prestatuekin: «jantoki publikoak eta enpresak hornituko ditugu, eta 'Tupper' zerbitzua emateko asmoa ere badaukagu, enpresek daukaten erritmoa ikusita». Zulaikaren ostean, Amaia Fernandezek hartu zuen hitza: «Andonik aipatutakoak hornitzeaz gain, herriko elikadura denden eta Herrilur kontsumo elkartearen bidez ere merkaturatuko dira. Izan ere, gure helburua tokiko ekoizleen produktuak merkaturatzea da. Horretarako, propio ireki den dendaz gain, herriko gainerako elikadura denda zein jatetxe eta tabernetan bertako produktu fresko zein eraldatua eskaintzeko zereginak egingo ditugu Berriak elkartearekin batera».

Amaitzeko, Hernaniko Elikadura Sistema Iraunkor eta Burujabea osatzeko, herriko elikadura sektorearen balio kate guztia barne bilduko duen marka komertziala sortzeko asmoa dagoela azaldu zuen Oihana Aristregik: «marka horren bidez, Hernanin ekoiztu, eraldatu eta salduko diren produktuak markatuko ditugu».

 

Hernaniko Elikadura Sistema Iraunkor eta Burujabearen aurkezpen bideoa, online

Atzo aurkeztutakoa modu laburrean, eta aldi berean, xehetasunekin osatutako informazio bideo bat osatu du Udalak elikadura sektoreko zenbait eragilerekin elkarlanean. «Hiru minutu erdiko bideoa bat da, oso ondo laburtzen du bi urte luzez landu dugun elikadura plan hau zertan datzan, eta zein helburu izango dituen». Beraz, ondorengo estekan dago ikusgai Hernaniko Elikadura Sistema Iraunkor eta Burujabearen informazio bideoa: 'https://labur.eus/5yLcV'.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!