Hernaniko Ibilbide Morea estreinatuko dute igandean

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 23a, 00:00
Hainbat herritar, Industriako emakume langileen pasealekuko panelari begira.

Herrian barrena 10 puntu markatu dituzte, eta ibilbide gidatua egingo dute, 11:30etan Plazatik abiatuta.

Hitzordu seinalatua izango du Hernaniko berdintasun arloak, igande honetan: Ibilbide Morea estreinatuko dute, Berdintasun Kontseiluaren ekimenez. Herrian barrena 10 puntu izendatu dituzte ibilbidearen parte, eta horietara bisita gidatua egingo dute igandean, goizeko 11:30etan Plazatik abiatuta. Herritar guztiei luzatu diete ibilbidean parte hartzeko gonbitea.

Azkeneko urteotan urratutako bidearen hurrengo urratsa da Ibilbide Morea, aditzera eman dutenez: «Historiaren joan-etorrian, ahaztuenak izan gara beti emakumeak eta LGBT pertsonak. Gure kale eta plazen izendegia eredu patriarkal horren lekuko da, eta gizonak dira jaun eta jabe. Egoera irauli nahian, Hernaniko Berdintasun Kontseiluak urteak daramazki kale izendegia aztertu eta aldaketak proposatzen. Lehenik, Andre kalea berreskuratu zen, ondoren etorri ziren Carmen Adarraga parkea, Azaroak 25 plaza edota Aimar Elosegi Ansa 'Moio' kalea. Orain, Hernanin barrena egindako ibilbide more honekin, beste urrats bat eman eta gure herriko historiarekin zerikusia izan duten emakumeei eta pertsona trans bati egin nahi diegu omenaldia. Pausoz pauso, Hernaniko erreferenteok historiari egindako ekarpena aitortu eta ezagutzera eman nahi du ibilbide honek».

Hori horrela, honakoak dira ibilbidearen parte izendatu dituzten 10 puntuak: Andre kalea, Azaroak 25 plaza, Aimar Elosegi Ansa 'Moio' kalea, Joxepa Zubeldia kioskoa, Leokako labaderoa, Ibarrolaburu-Lorenza plaza, Industriako emakume langileen pasealekua, Carmen Adarraga parkea eta Kulturarteko Plaza Feminista.

Ibilbidearen mapa fisikoa jarriko dute Plazan bertan, ibilbidearen berri emateko; eta QR kode bat ere izango da. Horren bitartez, informazioa biltzen duten liburuxkak izango dira eskuragarri, euskeraz eta elebitan.

 

'Quijote en el Congo' liburuaren aurkezpena eta Amatasunen Topaketa, Plaza Feministan

Kulturarteko Plaza Feminista izango da Hernaniko Ibilbide Mo­re­aren puntuetako bat, eta igandeko ekintzan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak, Plaza Feministak berak. Baina horren aurretik, beste bi hitzordu ere izango dira, Kulturarteko Plaza Feministan.

Bihar bertan, Quijote en el Congo liburua aurkeztuko du Xavier Aldekoa egileak, arratsaldeko 18:00etan hasita. Kazetari bartzelonarrak bi hilabete eman zituen Congon barrena, eta bertan ikusi eta bizitakoak bildu ditu liburuan: «Txundituta geratu nintzen niretzako ezezaguna zen mundu horrekin. 4.700 kilometrotan zehar, Congo ibaia atari bat da, ibai bazterreko herrien historia, kultura eta tradizioetara». Hernanira etorriko da Xavier Aldekoa bihar, horren guztiaren berri ematera.

Eta larunbatean, azkenik, Amatasunen Topaketa egingo dute Kulturarteko Plaza Feministan bertan, goizeko 10:30etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!