Jesus Uzkudun omenduko dute martxoaren 28an, «ibilbide luze eta emankor bati aitortza» egiteko

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 23a, 00:00

Jesus Uzkudun, Kronikaren bulegoan, aurreko elkarrizketa batean.

Hernaniko bizilagun talde baten ekimenez, datorren asteartean egingo diote aitortza, arratsaldeko 18:45etan Biteriko aretoan.

Oso egun berezia izango da martxoaren 28koa, Jesus Uzkudun Illarramendi hernaniarrarentzat. Izan ere, omenaldia egingo diote datorren asteartean, Hernaniko bizilagun talde baten ekimenez: arratsaldeko 18:45etan hasita, Biteriko areto nagusian. 

«Ibilbide luze eta emankor bati» aitortza egingo diote horrela, «gizarte-ekintzaile gisa hainbat ekimenetan murgilduta» jarraitzen duenari. Bereziki goraipatu nahi dute, «giza osasunerako eskubidearen alde urteetan egindako lana». 

Aitortza ekitaldi horretan, Jesus Uzkudunen «ibilbide emankorra» emango dute aditzera: «Umetatik hasi zen baserriko lanetan, eta une honetan jubilatuta bai, baina ez dago erretiratuta Jesus gure laguna. Berak esaten duen bezala, mingarriak diren gaiak ez dira amaitu, eta zoritxarrez, hor jarraitzen dute, kalte haundia eragiten».

Herritar guztiak gonbidatu dituzte Biteriko aretora bertaratu eta omenaldi ekitaldian parte hartzera. Eta aurreratu dute, jana eta edana ere izango dela omenaldiaren bukaeran, «guztion artean ospatzeko».

 

Laneko osasunean murgilduta, erretiroa hartu aurretik eta ondoren

Laneko osasunaren aldeko borrokan murgilduta aritu da buru-belarri Jesus Uzkudun, eta hala jarraitzen du. Urte askotan izan da Lan Osasuneko eta Ingurumeneko idazkaria, Euskadiko CCOO sindikatuan. Eta erretiroa hartu ondoren ere, jarraitu du lan gaixotasunak salatzen, bereziki ASVIAMIEn, Euskal Herriko amiantoaren biktimen elkartean. Horretan dabil oraindik ere, amiantoaren biktimei laguntza eskaintzen, lan gaixotasuna salatu eta kalte-ordaina eskatu dezaten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!