Oliver Cabrera hernaniarrak aurreneko saria lortu du Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketan

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 22a, 00:00

Oliver Cabrera hernaniarra (eskuinean), Gasteizko sari banaketa ekitaldian, Andoni Gonzalez ikaskidearekin eta Salvador Parada irakaslearekin batera.

12 urteko gaztetxoak akordeoiarekin eskuratu zuen lehenengo saria, 12-15 urte bitartekoen kategorian, Markel Urquiza arabarrarekin batera.

Gasteizen elkartu dira, joan den asteburuan, maila haundiko musikari gaztetxoak. Bi egunez egin dute Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketa, Jesús Guridi Kontserbatorioan; eta 114 musikari gaztek hartu dute parte.

Parte hartu bakarrik ez, sari potoloarekin bueltatu da Oliver Cabrera Sancho hernaniarra, Gasteiztik: aurreneko saria lortu du 12 urteko herritarrak, akordeoiarekin, 12-15 urte bitartekoen kategorian. Markel Urquiza arabarrarekin partekatu du aurreneko saria Cabrerak.

Hernaniko Musika Eskolan hasi zituen bere musika ikasketak Oliver Cabrerak, eta Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioan ari da orain, ikasketa profesionalen aurreneko kurtsoa egiten. Salvador Parada akordeoijole donostiarra du irakasle. Sari banaketan izan zen Parada bera, Gasteizen; eta baita Andoni González ikaskidea ere, kontserbatorioan ikaskide duena, 16-19 urte bitartekoen kategorian eskuratu baitzuen aurreneko saria berak.

Igandean jaso zuen saria Oliver Cabrerak, eta sari banaketaren galan bertan, akordeoi emanaldia eskaintzera gonbidatu zuten, gainera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!