Gaur hasiko da antzerki zikloa, eta ia sarrera guztiak daude salduta

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 21a, 00:00
'Fake, Trampantojo' antzezlaneko irudi bat. Bihar eskainiko dute Biterin.

Eserleku gutxi batzuk daude libre, 'Sagastitarrak' eta 'Fake, Trampantojo' antzezlanak ikusteko.

Udaberriarekin batera, iritsi da Antzerki Zikloa Biterira. Gaurtik ostegunera, antzezlan bana eskainiko dute bertan, arratsaldeko 19:30etan hasita; eta ikusmina piztu dute obra guztiek: ia sarrera guztiak daude salduta.

Sagastitarrak antzezlanare­kin ekingo diote gaur, Txalo Pro­dukzioaken eskutik. Ramon Madaula da obraren egilea, eta Begoña Bilbaok zuzendu du. Ordu eta erdiko saioan, hiru aktore izango dira taula gainean: Joseba Apaolaza, Ainhoa Etxebarria eta Koldo Olabarri. Goi-burgesiako familia da Sagastitarrena, eta ez da giro haienean, familiako alabak, Ane giza ekintzaile feministak, lehen abizena aldatzea erabaki duelako. Anton Sagasti familia buruarentzat ulertezina da hori, eta alabak bere asmoan atzera egin dezan saiatuko da.

Biharkoan, berriz, Fake, Tram­pantojo antzezlana eskainiko du Erre Produkzioak konpainiak, Gorka Minguezek eta David Caiñak zuzenduta, bost aktorerekin: Maribel Salas, Gorka Minguez bera, Gemma Martinez, Lorea Intxausti eta Alba Cirarda. 70 minutuko antzezlana da, gaztelaniaz; eta Urte Zahar gauean gertatzen da: gelditzen zaien bizitza osoaren lehen eguna dela ospatzen ari da familia, baina itxurakeria besterik ez da, amona benetako kanpaien aurretik ohera eramateko. Une horretatik aurrera hasiko dira arazoak...

Eta azkenik, ostegunean, Ez naiz inoiz Dublinen egon antzezlana eskainiko du Tentazioa konpainiak, ordu eta erdikoa. Markos Goikoleak egin eta Mireia Gabilondok zuzenduta, honakoak izango dira lau aktoreak: Aitziber Garmendia, Iñigo Aranburu, Mireia Gabilondo eta Iñigo Aizpitarte.

 

Azkeneko sarrerak salgai, bi antzezlanetarako

Osteguneko emanaldi horreta­rako, ordea, agortuta daude sarrerak; eta gutxi batzuk geratzen dira Sagastitarrak eta Fake, Trampantojo ikusteko. 8 euroan daude emanaldi bakoitzerako sarrerak, Biteriko leihatilan edo kultura.hernani.eus atarian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!