'Sagastitarrak' antzezlanarekin emango zaio hasiera antzerki zikloari, etzi

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 19a, 00:00
Joseba Apaolaza, Ainhoa Etxebarria eta Koldo Olabarri izango dira etzi, Biterin.

Etzitik martxoaren 23ra bitarteko antzerkiak arratsaldeko 19:30etan hasiko dira. 'Sagastitarrak' eta 'Ez naiz inoiz Dublinen egon' euskeraz izango dira, eta 'Fake. Trampantojo', berriz, gaztelaniaz.

Antzerki zikloarekin emango diogu ongi etorria udaberriari, izan ere, hilaren 21ean, 22an eta 23an, hiru obra ikusteko tartea izango dute herritarrek: 'Sagastistarrak' (euskeraz), 'Fake. Trampantojo' (gaztelaniaz) eta 'Ez naiz inoiz Dublinen egon' (euskeraz). Hiru antzerkiak arratsaldeko 19:30etan hasiko dira, Biterin, eta sarrerak eskuragai daude kultura.hernani.eus webgunean, 8 euroren truke; edota Biteriko leihatilan erosita.

'Sagastitarrak' antzerkiak emango dio hasiera antzerki zikloari, etzi. Joseba Apaolaza, Ainhoa Etxebarria eta Koldo Olabarri igoko dira oholtzara eta goi burgesiako familia baten pasarteak antzeztuko dituzte: Sagastitarrenean, goi burgesiako familian, alabarekin ez da giro. Anek, giza ekintzaile feministak, lehen abizena aldatzea erabaki du, amaren abizenaren alde eginez: «Patriarkatuarekin ez dugu amaituko mundura ekarri gaituen amaren abizena hartzen ez dugun bitartean», dio. Anton Sagasti familia buruarentzat, ordea, ulertezina da eskualdean tradizio handikoa den Sagasti abizena aldatu nahi izatea. Abizenari segida emateko, Antonek amarru eta martingala guztiak erabiliko ditu, Ane alabak abizena aldatzeko asmoan atzera egin dezan.

Martxoaren 22an, berriz, 'Fake. Trampantojo' antzerkiak hartuko du nagusitasuna, familiako kideen izaerak eta arazoak oholtzaratuz: Gabon Zahar gaua da. Familia, gelditzen zaien bizitza osoaren lehen eguna dela ospatzen ari da. Baina ospakizun hau begiari tranpa bat baino ez da. Amona, benetako kanpaien aurretik ohera eramateko plantak egiten ari baitira. Behin amona lo dagoela, norberak benetan den bezala joka dezake, eta une horretatik aurrera hasiko dira arazoak. 

Antzerki zikloari amaiera emango dio 'Ez naiz inoiz Dublinen egon' antzezlanak, martxoaren 23an. Besteen bizipen eta sinesmenen onarpenari buruzko komedia garratza da. Amesti familia Eguberri gaua ospatzeko bildu da, baina berezia da, Elena alaba hiru urtez ikusi gabe itzuliko baita Londresetik. Cindyrekin dator, neska-lagun irlandarrarekin. Denak daude irlandarra ezagutzeko irrikitan, baina inork ez du espero Cindy pertsonaia ikusezina izatea, familiaren oreka hankaz gora jarriko duen Elenaren fantasia bat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!