Aste santurako planak

Hernanik turismo atari berria du herriari begira

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 18a, 00:00

Hernanik Chillida Leku museoa du bere mugetan eta zer egin atalean ezinbesteko bisita da.

'Turismoa.hernani.eus/eu/hasiera' webgunearekin Hernanin zer dagoen adierazi nahi da; baina eduki guzti honen aurreneko hartzailea hernaniarra da.

Turismoko webgune berria aurkeztu du aste honetan Hernaniko Udalak, Xabier Lertxundi alkateak eta Patxi Ibarguren Turismo Arloko zinegotziak parte hartu zuten agerraldi batean. Hernani ezagutu proiektuaren barruan kokatzen da webgunearen garapena. Turismo webgune berria eraberritu da, aurrekoarekin alderatuz, askoz ere intuitiboagoa, garai hauetara egokitutakoa, hain zuzen. Eta webguneaz gain, turismo webguneari sarrera emango dion bideo bat ere sortu dute. Honekin guztiarekin Hernanin zer dagoen adierazi nahi dute proiektuaren egileek; baina argi utzi nahi dute, eduki guzti honen aurreneko hartzailea herritarra dela. «Turismo eredu batez hitz egiten ari gara, ez gara gure herria aldatzen ari jende gehiago erakartzeko. Alderantzizko bidea baizik».

Webgunearen esteka ondorengoa da: turismoa.hernani.eus/eu/hasiera. Bost hizkuntzatan dauzka: euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez, katalanez eta ingelesez.  Informazioari dagokionez, sei ataletan banatu da: zer ikusi, zer dastatu, zer egin, sagardoa, ekitaldiak eta informazio praktikoa.

Webgunearen hasierako orrian ikusgai dago Hernaniren alderdi nabarmenenak jasotzen dituen bideoa, baita sare sozialetan. Horrekin batera, informazio hori guztia jasotzen duen liburuxka ere laster egongo da eskuragai. Info praktikoan informazio bulegoa eta autokarabanentzako aparkalekua non dagoen jasotzen da. 

Zer ikusi atalean Hernaniko natur guneak azaltzen dira, horien artean Jauregi bailara.
 
Sagardotegiak eta sagardogintza ezin dira falta Hernaniko turismo gida batean.
 
Hernanik Chillida Leku museoa du bere mugetan eta zer egin atalean ezinbesteko bisita da.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!