Hernaniko familia bat etxegabetze arriskuan dagoela salatu dute

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 18a, 00:00
Argazkia: Kontseilu Sozialista Buruntzaldea

Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistatik eta Etxebizitza Sindikatutik salatu dute egoera, eta asanblada irekia egingo dute apirilaren 1ean. 

Hernaniko familia bat etxegabetze arriskuan dagoela salatu dute Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuak. Otsailean jaso zuen familiak etxegabetze agindua, eta Etxebizitza Sindikatuarekin harremanetan jartzea erabaki zuten: «Honen bitartez aste batzuk atzeratzea lortu arren, laister jasoko dute etxetik joateko abisu berria». 

Kontseilu Sozialistak hedatutako bideo batean, etxegabetze arriskuan dagoen familiako kide batek adierazi du gizarte langileak eta Hernaniko Udalak egindako proposamenek «familia banatzea» ekartzen zutela: «Bi seme-alaba dituen ama bat naiz, baina nire ama ere badaukat, eta nire familia-unitatean sartzen da. Nik nahi ez dudana, inondik inora, nire familia-unitatea banatzea da». 

Egoera horren aurrean, alternatiba bat eskatu dute Kontseilu Sozialistatik: «Etxegabetze eguna gertu dago, eta ez daukate nora joan, ezta diru-iturririk ere. Euren beharretara egokituko den etxebizitza alternatiba bat eskatzen dugu».

Etxebizitza Sindikatuak asanblada irekia egingo du «egoeraren nondik norakoak azaltzeko eta elkartasuna antolatzeko», apirilaren 1ean, eguerdiko 12:00etan, Biteri Kultur Etxean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!