'Doinuele' euskera hutsezko plazen sarea sortu dute zortzi elkartek

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 18a, 00:00
Doinueleko kideak aurkezpen ekitaldian. Argazkia: Dani Blanco

Euskal literatura eta musikagintza sustatzea da Doinueleren helburua. Sortzaileen artean dago Dobera Euskara Elkartea. 

Doinuele euskara hutsezko plazen sarea aurkeztu dute Euskal Herriko zortzi elkartek, Dobera Euskara Elkartea tarteko. Euskal literatura eta musikagintza sustatzeko sarea da Doinuele, eta euskera hutsezko azokak eta plazak antolatzeko hautua egin dute: «Saretu gara elkar sostengatzeko, elkarren berri ukaiteko, ideiak eta esperientziak elkarri trukatzeko eta egutegia adosteko». Programatutako ekitaldien artean dago, besteak beste, irailaren 30erako Doberak antolatu duen azoka. 

Zortzi errealitate ezberdin dituzten herrietako elkarteek sortu dute sarea; Hernani, Azkoitia, Baztan, Galdakao, Lazkao, Sara, Zarautz eta Ziburu dira ordezkatutako herriak: «Euskaraz bizi nahi dugu normaltasunez, naturaltasunez eta lasaitasunez. Herri batzuetan, zorionez, hori gehiagotan lortzen badute ere, denei parada ematen diegu gure plazak irauten duten egunetan euskararen herrian murgiltzeko eta hartaz gozatzeko».

Aurkezpen ekitaldian nabarmendu zuten euskera hutsezko publikoa indartzea dela Doinueleren helburuetako bat: «Euskaraz bizi den sarea zabaltzea; azokak errentagarri egitea, jendetsuak eta biziak, anitzak, euskararen komunitatearen topaleku eta ispilu; kultur sortzaileak, idazle eta musikariak, ilustratzaileak eta itzultzaileak, editoreak eta literatur aldizkariak sostengatzea». 

Zortzi elkarte izan dira proiektua martxan jarri dutenak, baina Doinueletik deia luzatu diete gainontzeko elkarteei, «bidea elkarrekin eginez euskarazko bidea zabalduz» joateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!