Etenaldi luzea izan du Gipuzkoako Batel Ligak, otsailaren 11n laugarren estropada jokatu zutenetik. Eta bihar bueltatuko dira lehiara, Getarian, goizeko 10:30etan hasita. Denboraldiaren bigarren zatiari emango diote hasiera, horrela: bost estropada geratzen zaizkie, jokatzeko.
Bost kategoriatako batelak ariko dira Getarian: infantilak, promesak, jubenilak eta absolutuak. Eta batel ugari uretaratuko ditu Hernaniko Arraun Elkarteak, ohi bezala. Bereziki erronka polita daukate neska infantilek eta promesek, ligaren bigarren zati honetarako. Infantilak lider dira, orain arteko lau estropadak irabazita: 64 puntu dauzkate, eta bost puntura dago Tolosaldea A, bigarren, 59 punturekin. Neska promesak, berriz, bigarren daude sailkapenean, baina Tolosaldea A liderrarekin berdinduta, 91na punturekin. Lehia estua izango dute, Batel Ligaren bukaerara arte.