Zortzi asteko egonaldi artistikoa antolatu dute Chillida Lekuk eta Tabakalerak, artearen eta paisaiaren bueltan

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 18a, 00:00
Chillida Lekura sarbide irekia izango du, aukeratutako proiektuaren artistak.

Artistek beren proiektuak aurkeztu ditzakete apirilaren 3ra arte, eta aukeratutakoak, aurtengo urritik abendura egin ahal izango du egonaldia: Tabakaleran izango du ostatua eta lan-estudioa, eta sarbidea Chillida Lekuren instalazioetara.

Ekimen berritzailea aurkeztu dute Chillida Leku museoak eta Tabakalera kulturguneak, aste honetan: zortzi asteko egonaldi artistikoa, artearen eta paisaiaren inguruan. Helburua da «arte garaikidearen, espazio publikoaren eta paisaiaren arteko harremanari lotutako sorkuntza eta ikerketa artistikoa sustatzea»; eta horretarako, eskainiko dute produkzio-prozesuetarako babesa eta laguntza, «bai kontzeptuari dagokionez, bai produkzioari dagokionez», Chillida Lekuk eta Tabakalerak aurreratu dutenez.

Zortzi asteko egonaldi hori baliatu nahiko luketen artistek, apirilaren 3ra arte daukate epea, beren proiektuak aurkezteko. Proposamenen artean, proiektu bakarra aukeratuko dute, eta artista horri «espazioa, testuingurua eta denbora» eskainiko dizkiote bere proiektua garatzeko, aurtengo urritik abendura bitartean: Tabakaleran izango du ostatua eta lan-estudioa, eta sarbidea izango du Chillida Lekuren instalazioetara eta Medialab Tabakaleraren baliabide eta funts guztietara. Gainera, egoitzak barne hartuko ditu jatorrizko lekutik egindako joan-etorriko bidaiak, dietetarako 2.000 euro, eta proiektua egonaldiaren esparruan garatzeko 1.500 euro, gehienez ere.

Deialdia zuzenduta dago «testuinguru artistiko berriak aztertu, eta arteari eta paisaiari lotutako ikerketa eta sorkuntza artistikoko proiektu bat garatu nahi duten artistei, edozein nazionalitatetakoak».

Programaren bitartez, gainera, «sare eta zirkuitu artistiko berriak» sustatu nahi dituzte, «hainbat eragile eta haien proiektuak elkarrekin biziko diren gune bat sortu, eta egoiliarren eta hainbat nazionalitatetako eragile gonbidatuen arteko lankidetzak bultzatu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!