'Justizia sozialerako politika publikoak' jardunaldiak egin dituzte Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 17a, 00:00
Udalbatzar aretoan egin zien harrera Hernaniko alkateak ordezkariei.

MEET proiektuko jardunaldiak egin dituzte Hernaniko Udaleko ordezkariek, Europako lau herritako ordezkariekin batera.

Aste honetan egin dituzte Hernanin berdintasuna eta kulturartekotasuna sustatzeko 'Justizia sozialerako politika publikoak' jardunaldiak. MEET proiektuarekin lotutako saioak izan dira, eta Europako lau herritako zenbait ordezkari etorri dira Hernanira, bi eguneko jardunaldietan parte hartzera. Famalicao (Portugal), Arcueil (Frantzia), Valsamoggia (Italia) eta Darbowa Gornicza (Polonia) dira Hernanirekin batera proiektuan parte hartu duten herriak.

Lehenengo egunean udalbatzar aretoan egin zien harrera ordezkariei Xabier Lertxundi alkateak, eta Kulturarteko Plaza Feministan egin zituzten jardunaldiko saioak. Berdintasun politika publikoak izan zituzten mintzagai lehenengo orduetan, eta Jone Arrazolak, Berdintasun Arloko teknikariak, azaldu zituen gakoak.

Arrazolak, besteak beste, eguneroko jardunean topatzen dituzten zailtasunak aipatu zituen: «Arlo batzuetan onartu da emakumearen aldeko politika positiboak egin behar direla eta erakundeen aldetik ere nahiko onartua eta zabalduta dago ikuspegi hori. Dena dela, ekonomiarekin topo egiterakoan, benetan sistema eraldatzea eta gizonezkoen supremazia hori gainditzea eskatzen duten aldaketekin erresistentzia haundiagoa da».

Arratsaldeko saioan kulturartekotasuna izan zuten hizpide, eta zenbait gai jorratu zituzten; hala nola, datorren astean irekiko den Harrera Bulegoa, Harrera Planaren azalpena, ikastetxeetan jatorriaren araberako segregazioa gainditzeko egitasmoa edota Amherren jarduna.

Atzo egin zituzten jardunaldiko azken saioak. Goizean Hernani Burujabek garatutako proiektuak ezagutu zituzten Europako ordezkariek; auzozaintzari, elikadura burujabetzari, energia burujabetzari eta tokiko monetari lotutakoak. Arratsaldean, berriz, Zero Zabor ziurtagiria lortzeko Hernanik egin duen ibilbidearen aurkezpena egin zuten Udaleko ordezkariek.

MEET proiektuaren helburu nagusia da Euskal Herriko, Portugalgo, Poloniako, Italiako eta Frantziako kideen artean gizarteko auziak jorratzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!