Gaur bukatuko da, gala nagusiarekin, 'Ahoz Aho' Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia. Herrialde askotako kontalariak aritu dira Hernaniko haurrei istorioak helarazten, eta gaur itxiko dute zikloa bost kontalarirekin.
Arratsaldeko 18:00etan hasiko da gala nagusia, Biteri Kultur Etxean; eta bertan arituko dira Zoa Meza (Nikaragua), Iñaki Carretero (Maturana), Birjiñe Albira (Iruñea), Ane Gebara (Gasteiz) eta May Gorostiaga (Tolosa). Guztien artean familian gozatzeko moduko ikuskizuna eskainiko dute. Gonbidapenak Biterin bertan edo kultura.hernani.eus webgunean lortzeko aukera dago.
Irati Goikoetxeak hitzez definitu zituen 'Ahoz Aho' jaialdiaren proposamenak: «Orri zuriaren tripetan, kuku-jolasean dabiltza irudimenak kolore bihurtutako hitzak. Orri zuriaren tripetan kobazuloak sakon egiten du barrura, auskalonongonoizko txokora. Orri zuriaren tripetan dimentsio berrien distirak urrutira zabaltzen ditu oihartzunak. Ipuinak kontatzea ezkutaketan jolastea da; ezkutuko begiak zureen zirrikituetan sentitzea». Hori guztia eta gehiago egiteko aukera izango da gaurko ekitaldian.
Arrakastatsuak izan dira jaialdiko hiru saioak
Hiru kontaketa saio antolatu zituzten 'Ahoz Aho' jaialdiaren egitaraua osatzeko, eta arrakastatsuak izan dira hirurak. Lehenengo saioan Alberto Garciak (Belgika) helduei zuzendutako kontaketa egin zuen; ondoren, Dorleta Kortazarrek (Euskal Herria) eta Celine Ripollek (Frantzia-Polinesia) umeentzako saioa osatu zuten; eta Marta Alzate (Euskal Herria) eta Martha Escuderoren (Mexiko) saioak itxi zuen zirkuitoa.