Atzo aurkeztu zuten Hernaniko turismo atari berria eta dagoeneko martxan dago

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 15a, 00:00

Patxi Ibarguren eta Xabier Lertxundi, atzoko aurkezpenean.

Webgune berriaz gain, atariaren azalean Hernaniren alderdi nabarmenenak jasotzen dituen bideo bat ere osatu dute.

Turismoko webgune berria aurkeztu zuten atzo goizean, Xabier Lertxundi alkateak eta Patxi Ibarguren Turismo Arloko zinegotziak. Hitza hartu zuen aurrena alkateak, 'Hernani ezagutu' proiektuaren nondik norakoak azalduz: «turismo webgune berria eraberritu egin dugu, aurrekoarekin alderatuz, askoz ere intuitiboagoa da, garai hauetara egokitutakoa, hain zuzen. Eta webguneaz gain, turismo webguneari sarrera emango dion bideo bat ere sortu dugu. Honekin guztiarekin Hernanin zer dagoen adierazi nahi dugu; baina argi utzi nahi dugu, eduki guzti honen aurreneko hartzailea herritarra dela. Turismo eredu batez hitz egiten ari gara, ez gara gure herria aldatzen ari jende gehiago erakartzeko. Alderantzizko bidea baizik». 

Webgunearen esteka ondorengoa da: turismoa.hernani.eus/eu/hasiera.  Eta Lertxundik nabarmendu du, bost hizkuntzetan dagoela webgunea: «euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez, katalanez eta ingelesez».  Informazioari dagokionez, sei ataletan banatu da: zer ikusi, zer dastatu, zer egin, sagardoa, ekitaldiak eta informazio praktikoa. 

Jarraian, Patxi Ibargurenek, ataria osatzen zuten zatiak azaldu zituen: «'Zer ikusi'  atalean, esaterako, ondare historikoa, artistikoa eta natura baliabideak ikus daitezke: hirigune historikoa, Chillida-Leku, kalean daude artelanak, Urumea ibaia, ibilbideen sarea, ondare arkeologikoa... 'Zer dastatu' atalean, Hernanik gastronomiaren arloan duen eskaintza zabalaren berri ematen du. Festa gastronomikoak (Bakailao Astea, Garagardo Azoka, Txotx denboraldia)... 'Zer egin' atalean, mendi ibilbideak, merkataritza aukera zabala, Chillida-Leku, bisita gidatuak Alde Zaharrean, Donejakue bidea.. aipatzen dira; Sagardoak atal propioa dauka eta Hernaniko sagardotegien zerrendaz gain, sagardotegietarako garraio publikoa, gomendioak... azaltzen dira; 'Ekitaldiak' atalean, San Joan jaiak, inauteriak, Erdi Aroko azoka, kultur agenda eta auzoetako jaiak jasotzen dira; Eta, azkenik, 'Info praktikoa'ren atala dago. Informazio bulegoa, autokarabanentzako aparkalekua non dagoen eta euskerazko oinarrizko hiztegia ere jasotzen du atal horrek». 

Amaitzeko, ikusgai dago Hernaniren alderdi nabarmenenak jasotzen dituen bideoa turismoaren webgunean edota sare sozialetan. Horrekin batera, jakinarazi zuten informazio hori guztia jasotzen duen liburuxka ere laster egongo dela eskuragai. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!