Hernanira bizitzera datozenei harrera onena emateko, Harrera Bulego Integral berria

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 14a, 00:00

Itsaso Lekuona, Xabier Lertxundi eta Irantzu Jauregi, bulego berriaren aurrean.

Martxoaren 21etik aurrera eskainiko dute Harrera Bulego Integralaren zerbitzu berria.

Atzo aurkeztu zuten Harrera Bulego Integralaren zerbitzu berria, Xabier Lertxundi alkateak, eta Kulturartekotasun Arloko arduradunak, Itsaso Lekuona zinegotziak, eta Irantzu Jauregi teknikari arduradunak. 

Kulturartekotasun Arloak prozesu bat abiatu zuen duela hiru urte, 2020ko urtarrilean: «Hernanik etorri berriei egiten dien harrera ezagutu, baloratu eta harrera protokoloa berritzeko asmoz. Eta prozesu horretan ondorioztatu zen harrera hori koordinatu eta Udaletik ere eskaintzea beharrezkoa zela» azaldu zuen Lertxundik, aurkezpenari hasiera emanez.  Era berean, 2022 urteari dagozkion Jatorri aniztasuna zenbakitan ikerketaren datuak aurkeztu nahi ditu, eta Itsaso Lekuonak zenbait datu eman zituen: «aurreko urteetako joerari jarraituz, Hernani populazioan haunditzen ari da: 2002 garren urtea 18.661 biztanle zituen; eta 2022an, aldiz, 20.683. Hauetatik %76 Euskal Herrian jaioak, eta %11,6 Espainiako estatuan jaioak; munduko beste toki batzuetan jaiotakoak, aldiz, %12,4 dira». Datu hauen guztien xehetasunak eskuragarri daude ondorengo estekan: http://udal.aztiker.eus/hernani/eu

Datuak kontutan izanik, Hernaniko Udalak, biztanle berriei egiten dien harrera indartzea erabaki du. Eta horretarako, Herritarren Harrera Zerbitzua zabalduko du Hernaniko Udalak: «Harrera Bulegoa sortu dugu, etorri berriei arreta osatuagoa eta pausatuagoa emateko helburuarekin» aitortu du Lertxundik. «Ohiko tramiteez gain, herrian lehen urratsak erraztu, herrian bizitza aktiboa egitera animatu, herritar berri bakoitzak dituen beharren araberako informazioa eman eta herriari buruzko galdera eta zalantzak argitu ahal izatea da asmoa», gehitu du Irantzu Jauregik. Hernaniko Harrera Zerbitzuaren baitan dago kokatuta bulegoa, eta aurkezpenean adierazi zuten Hernanira bizitzera etorritako pertsona guztiei zuzenduta dagoela: «ez da, beraz, zertan erroldatuta egon behar». 

 

Datorren astetik aurrera, irekita 

Martxoaren 21etik hasita, astearte eta ostegunetan egongo da zabalik bulegoa, 12:00etatik 14:00etara eta ostegunetan 15:00etatik 18:00etara. Hitzordu bidez izango da, eta hitzordu hauek, Hernaniko Harrera Zerbitzuak emango ditu. Zerbitzua gainera, aitzindaria da Euskal Autonomia Erkidegoan: «berritzailea da, ez da halakorik EAEn, eta, horregatik, ez dakigu oso ondo zenbat ordu beharko diren, zenbat jendek eskatuko duen... Egoeraren arabera moldatuko gara eta beharren arabera egokitzen joango gara».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!