Irazustabarrena, Macicior eta Kerejeta txapeldun, EH Irekian

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 14a, 00:00

Mendizabal, Kerejeta, Irazustabarrena eta Macicior, txapelekin.

Elite mailakoa irabazi du Irazustabarrenak, Mendizabalekin; eta bigarren mailakoa Maciciorrek eta Kerejetak, elkarrekin.

Bi final jokatu, eta biak irabazi dituzte palista hernaniarrek, Euskal Herriko Irekia txapelketan. Horrela, txapelak jantzita bueltatu dira Amaia Irazustabarrena, Enara Macicior eta Ane Kerejeta, Mallabiatik.

Elite mailako finala irabazi zuen Irazustabarrenak, Maider Mendizabal anoetarrarekin batera: 30-26 nagusitu ziren, Uxue Murillo iruindarraren eta Leire Galdos oiartzuarraren kontra. Markagailuan atzetik izan ziren partiduaren erdialdera arte (13-17), eta 22na berdindu ondoren jarri ziren aurretik lehenengoz. Azkeneko tantoetan, ordea, gehiago asmatu zuten, txapela janzteko. Maila haundiko partidua jokatu zuten lauek, eta gogotik egin behar izan zuten lan bi bikoteek, tantoak bukatzeko.

Maciciorrek eta Kerejetak, berriz, bigarren mailako txapela jantzi zuten, orain arte erakutsitako nagusitasuna berretsita. Partidu serioa jokatu zuten bi hernaniar gazteek, eta 30-17 menderatu zituzten Gure Pilotako Eizagirre eta Escala etxarri aranaztarrak. Frontoian bikain elkar ulertzen dutela baliatuta, tantoak prestatzen eta bukatzen asmatu zuten hernaniarrek, eta beste txapel bana gehitu zioten bere palmaresari.

Agirrek eta Zubiarrainek ezin, Udaberriko final laurdenetan

Bestalde, Udaberriko Txapelketatik kanpo geratu dira Alain Agirre hernaniarra eta Beñat Zubiarrain astigartarra, mutil nagusietan. Final laurdenetako partidua jokatu zuen Mundarroko bikoteak, Azkoitiko Beitiaren eta Juaristiren kontra; eta 25-20 galdu zuen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!