Asteburu gazi-gozoa Hernanirentzat

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 14a, 00:00

Euskal Ligako mutilek 0-3 galdu zuten, Sestaon; Euskal Ligako neskek, aldiz, 1-3 irabazi zuten, Deuston.

Emaitza guztiz desberdinak eskuratu dituzte Hernaniko boleiboleko bi talde nagusiek. Alderdi polita Euskal Ligako nesken taldeak eskuratu zuen, Deuston. Lehenengo jokoan etxekoek lortu zuten errenta, 25-17 irabazita; baina hortik aurrera Hernani nagusitu zen. Erasoan zein defentsan hobeto aritu ziren hernaniarrak, eta hiru joko irabazi zituzten jarraian (16-25, 12-25, 18-25), partidua 1-3 amaitzeko. 

Bosgarren postuan dago Hernani, 10 partidu irabazi eta 4 galduta, eta Sestaoren aurka jokatuko dute asteburu honetan. Seigarren postuan daude bizkaitarrak, eta Hernani gainditzeko asmotan iritsiko dira. 

Txanponaren ifrentzua, aldiz, Euskal Ligako mutilen taldeari egokitu zitzaion. 3-0 amaitu zen Sestaon jokatutako partidua, nahiz eta emaitzak ez duen jokoan gertatu zena islatzen. Norgehiagoka lehiatua eta estua izan zen, eta gutxigatik galdu zituzten hiru jokoak: 25-23, 26-24 eta 25-18. Azken puntuetara fresko iristea kostatu zitzaien hernaniarrei, eta Sestaok ez zuen barkatu.

Ez dute atseden hartzeko tarte luzerik izango; izan ere, bigarren sailkatuaren bisita jasoko dute asteburu honetan. Jatorkide senior taldearen kontra jokatuko du Hernanik. 

Jubenil mailan ere ez da asteburu ona izan Hernaniko taldeentzat. Jokatutako bi partiduak galdu dituzte hernaniarrek; Hernani 2 taldeak 0-3 galdu zuen Ostadarren aurka, eta Hernani 1 taldeak 3-1 Harresiren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!