Festa giroan ospatuko dute Zikuñagako ermitaren lehenengo urteurrena, meza eta erromeriarekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 13a, 00:00

Jende ugari bildu zen Zikuñagako ermitaren inaugurazio ekitaldian.

Bi eguneko egitaraua osatu dute; martxoaren 17an dokumentala ikusiko dute, eta martxoaren 25ean meza eta erromeria izango dira Zikuñagan.

Urte bat beteko da Zikuñagako ermita inauguratu zutenetik, eta ekitaldi bereziak prestatu dituzte urteurrena ospatzeko. Ostiral honetan, hilaren 17an, inaugurazio egunari buruzko bideo dokumentala ikusteko aukera izango da, Parrokiko aretoan. Mikel Aristregiren lana da dokumentala, eta 19:30etatik aurrera hasiko da proiekzioa.

Ondoren, ermitako itsasontzi zaharberrituaren aurkezpena egingo dute, J.M. Perona zaharberritzailearen azalpenekin. Saioa amaitzeko galderak egiteko tartea utziko dute.

Egitarauak jarraipena izango du datorren astean. Izan ere, martxoaren 25ean, larunbatean, meza eta erromeria izango dira Zikuñagako ermitan bertan. Arratsaldeko 17:00etan hasiko dira ekintzak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!