1.300 sinadura bildu ditu Mugimendu Sozialistak, «beto politikoaren» aurka

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 12a, 00:00

Bi aldarrikapen nagusi egin ditu Mugimendu Sozialistak: «Jaietan parte hartzeko eskubidea izatea eta isuna kentzea», eta adierazi dute «herrian babesa dutela» egiten dituzten aldarrikapenek.

Mugimendu Sozialistak hiru astetan 1.300 hernaniarren sinadura bildu ditu bi aldarri nagusi sostengatuz: «Jaietan parte hartzeko eskubidea guztiok edukitzearen alde eta iaz horixe egiteagatik Udalak ezarri digun isunaren aurka».

Iaz hasi ziren Mugimendu Sozialista gisa Hernaniko San Joan jaietan Txosna jartzeko eskaerak egiten Txosna Batzordean. «Hainbat saiakera egin genituen, baina ezezkoa jaso genuen behin eta berriro. Gure postura politikoagatik sarrera galaraztea onartuko ez genuela adierazi genuen, eta irtenbide bat adosten saiatu ginen, baina ez zen horretarako aterik zabaldu. Hori berretsi besterik ez zuen egin Udalak konponbide bila harengana jo genuenean, negoziaketarako aukera oro ukatuz. Horrela, eta gure eskubidea gauzatze aldera, txosna jartzea erabaki genuen. Lehendik zegoen betoari udalak ezarritako isuna gehitu zaigu orduandik».

Egoera horri irtenbidea emateko hasi zuten sinadura-bilketa, «aurretiaz egindako salaketa guztiei entzungor egin baitie Udalak. Isuna kentzea eta jaietan normaltasunez parte hartzea exijitzen dugu beraz, eta aurrera eraman ditugun ekimenek frogatzen dute herrian babesa dutela aldarrikapen hauek».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!