Mariasun Landa biografia lehiaketa irabazi du Iñigo Legorburu hernaniarrak

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 12a, 00:00

Atzo eguerdian jaso zuen saria Iñigo Legorburuk.

Atzo eguerdian jaso zuen saria Legorburuk, Saioa Aizpurua 'Pantxineta' pailazoaren biografiagatik.

Emakume errenteriarren Mariasun Landa biografia lehiaketa irabazi du, bosgarren aldiz, Iñigo Legorburuk. Atzo ezagutarazi zituzten, Errenteriako Emakumeen Etxean, aurtengo sarituen izenak, eta Saioa Aizpuru 'Pantxineta' pailazoaren biografiarekin lortu zuen saria Legorburuk: «Aspalditik ezagutzen dut eta beti mila saltsetan eta herrigintzan aritu izan da. Oso bizitza eta balio bereziak ditu, herria asko aberastu dutenak».

450 euroko saria eta diploma jaso zituen Legorburuk, Mariasun Landa idazlearen eskutik, eta pozarren agertu zen hernaniarra: «Agian, pertsonalki gehien asebetetzen nauen lehiaketa da, oso hunkigarria delako anonimotasunean jardun diren emakumeak argitara ateratzea. Izugarrizko istorioak daude emakume horien atzean».

Legorburuk nabarmendu zuen emakume askoren bizitza ezagutzeko aukera ahalbidetu diola lehiaketak, hamairu edizioetan aurkeztu baititu lanak: «Gerrako biktimak, mugalariak, drogazaleekin lan egin duten emakumeak... denetik ezagutu izan dut». Hala ere, orain arteko lan bereziena lehenengo edizioan aurkeztu zuen, Joxepa Anttoni Aranberriri buruzkoa: «Errenterian soilik 6.000 haurrengana iritsi zen unitate didaktiko bat egin zuen Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak, biografia xume hartatik abiatuta».

Errenteriako Udalaren egitasmoa goraipatuta, Hernanin egiteko modukoa dela adierazi zuen Legorburuk: «Denok ezagutzen ditugu inguruan euren ibilbidea aitortzea mereziko luketen emakumeen izenak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!