Orion ariko da gaur Maialen trainerua, orain astebete Beñat Odriozola txapeldun izan zen tokian

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 11a, 00:00

Beñat Odriozola, aurreko asteburuan Orion, Espainiako Txapelketa irabazita.

Oriako Jaitsieran hartuko du parte traineru hernaniarrak, 17:30etan hasita. Aurreko asteburuan, Ergometroko Espainiako Txapelketa irabazi zuen Beñat Odriozolak, Orion bertan.

Udarako traineru denboraldiari begira, beste proba bat izango du Hernaniko Arraun Elkarteak, gaur. Orion ariko da Maialen trainerua, Oriako Jaitsieran, arratsaldeko 17:30etan hasita. 

Oriotik bertatik iritsi ziren primerako albisteak, aurreko asteburuan. Izan ere, Ergometroko Espainiako Txapelketan aritu zen Beñat Odriozola hernaniarra, eta txapeldun izan zen, 2.000 metroko proban (8:59), Saul Peña kantabriarraren (9:17) eta Francisco Jesus San Martin asturiarraren (9:17) aurretik.

Emaitzarekin pozik azaldu zen Xabier Zabala entrenatzailea: «Urte hasieran ez geneukan helburuen artean, hemen parte hartzea; baina Orion izango zela jakitean, erronka gisa hartu genuen. Entrenamendu batzuk aldatu genituen puntu berezi bat hartu nahian, eta ondo atera da. Txapelketa bikaina egin du, oraindik martxoan gauden arren, bere marka hiru segundutan hobetuta».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!