Errekaz erreka saltoka, Mandazubitik Trankaxera eta Arrilimuritik Otsoenera

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 11a, 00:00

Portu eta Urnieta arteko bidean aurrena, eta Osiñagan barrena ondoren, 6,93 kilometroko ibilbidea osatuko dugu. Protagonismo berezia izango dute errekek oraingoan, horietako asko eta asko ezagutzeko aukera izango baitugu, inguru horietako txoko bereziez eta istorio bitxiez gozatzen dugun bitartean.

Ibilbidearen tracka eskuratu hemen, GPX formatuan.

Ibilbide sortako laburrena osatuko dugu oraingoan, 6,93 kilometrokoa: Portu eta Urnieta arteko bidean aurrena, eta Osiñaga auzoan barrena ondoren. Gorabehera haundirik gabe (176 metroko desnibel metatuarekin), erreka batetik bestera saltoka ibiliko gara, txoko ederrak bezain interesgarriak ezagutuz.

Ibilbidean zehar ikusiko ditugu, besteak beste, Mandazubi, Portu, Trankax, Egurrola, Argindegi, Arrilimuri, Tolarieta eta Otsoeneko errekak; denak ere, Urumea ibaira iritsiko direnak, azkenerako.

Ibilbidearen planoa, goitik ikusita. Ezkerreko aldean goran Urnieta, eskuinean goran Hernani, eta erditik behera Osiñaga auzoa.
 

 

PORTU ETA URNIETA ARTEKO BIDEAN, AURRENEKO ZATIA 


Ohi bezala, Plazan hasiko dugu ibilbidea, eta bukatu ere bertan egingo dugu. Udaletxeko arkupe nagusiaren azpitik pasa, eta Lizeaga kalean gora abiatuko gara. 250 metrora, Victor Hugo kalearen bidegurutzean, ezkerrean dauzkagu eskaileretatik igoko gara Pipiritara. Izan ere, Hernaniko hilerria inguratu beharko dugu ibilbidea hasteko, baina ez gara hilerriko sarreratik pasako. Pipiritara iristean, gorantza dijoan bidea hartuko dugu, aurrez aurre daukaguna.

Bidean aurrera eginda, berehala ikusiko ditugu hilarriak eta gurutzeak, hilerriaren atzeko aldean. Bidearen beste aldean, berriz, Biyona etxea ikusiko dugu, garai batean taberna izan zena. Benetako izena zein zuen ere ez dakite askok, La tumba deitzen baitzioten, bere kokalekuagatik. Gazteak bertara igotzen ziren meriendatzera, Kaxkoan erromeria hasten zenean.

Atzeko aldetik inguratuko dugu hilerria, eta eskuinaldera egin ondoren, aldapa behera jarraituko dugu, A-15 errepidearen azpitik pasatzeko. Tunela pasa, zuzen segi, eta Baserritxora iritsiko gara, Hernani eta Urnietaren arteko muga zeharkatu aurretik. Izan ere, Mandazubi errekaren gainetik pasako gara segidan, eta errekak markatzen du bi herrien arteko muga. Bidegurutzean, ezkerrera doan bidea hartuko dugu, Errotaberri markatzen duen seinaleari kasu eginez. Beste tunel batera iritsiko gara; oraingoan, trenbidearen azpitik pasatzeko. Baina tunela pasa aurretik, ezkerraldean ikusiko dugu Portuko erreka, Mandazubi eta Trankaxko errekek bat egiten duten unean. Trankaxko erreka (edo Munto erreka) ondoan dugula pasako gara tuneletik, eta erreka gurutzatu orduko iritsiko gara Portu eta Urnieta arteko bidegorrira. Urnieta aldera jarraituko dugu, eskuinera; baina ez dugu bide luzea egingo bidegorritik. Izan ere, berehala iritsiko gara Errotaberrira, eta atarira heldu aurretik, ezkerrera doan bidexka hartuko dugu, zubitxoa pasa gabe, ez bada Errotaberri bera gertuagotik ikusteko.

Baina etxe dotorearen ikuspegi hobea izango dugu, ezkerrera hartuko dugun bidexkatik; bertan izandako lurjausi txiki batek ikuspegia garbituko digu, gainera. Errota zen garai batean, eta egungo jabeek erosi zutenean, ordurako martxan ez zegoen arren, erabat berritu zuten errota, elegante jarrita. Bidexkan bertan, ikusiko dugu Egurrola eta Trankax errekek bat egiten duten tokia. Metro gutxira, bidegurutze bat dago, eta eskuinera egingo dugu, Egurrola erreka zeharkatuta, Trankaxko errekaren parean doan bidetik.

Altuna sagardotegiaren ondotik dijoan bidea hartuko dugu, Urnietako tren geltokira iritsi aurretik.
 

Berehala azalduko gara bidegorrira, berriro ere. Oraingoan bai, puxka luzeagoa egingo dugu bertatik, gorabehera batzuekin, Igarategi baserrira (eskuinean) eta izen bereko poligonora (ezkerrean) iritsi arte. 400 metro inguru egingo ditugu errepidean aurrera, eta tren geltokira iritsi aurretik, ezkerrera doan bidea hartuko dugu, sagarrondoen ar­tetik. Altuna sagardotegiaren ondora eramango gaitu bide horrek. Aldapan gora segi, eta Hiru-Bide etxeko bidegurutzean eskuinera eginda, Xoxokara dijoan errepidera azalduko gara.

Gorantza abiatu, eta errepidearen bazterretik egingo ditugu 500 metro inguru. Trafiko gutxiko errepidea da, baina ikusgarritasun gutxiko bihurguneak dauzka, eta arreta gehiagorekin ibili beharko dugu, Osiñaga aldera desbideratu arte.

 

OSIÑAGA AUZOAN BARRENA BUELTA, BEHERANZKO BIDEAN


Aldapa xuabe-xuabe igo, eta berehala ikusiko dugu bidea, ezkerrean. Kartel bat ere ikusiko dugu, bidean topatuko ditugun baserri eta etxeen izenak jasotzen dituena. Horietako bi aurkituko ditugu lehenik: Gurutzeaga eta Gurutzepe. Haien ezkerrean ikusiko dugu Eula sagardotegira dijoan bidea, baina eskuinekoa hartuko dugu guk. Hemendik aurrera, beherantza egingo dugu bueltako bidea, Osiñaga auzoan barrena.

Malda gogorrenak atzean utzi, eta beste erreka baten ondora iritsiko gara: Arrilimuriko erreka. Bere ondotik egingo dugu bidean aurrera, tarteka ezkutatuko zaigun arren. Zati horretan, gainera, ezkerretik datorren Argindegi errekak egiten du bat Arrilimurirekin, baina apenas ikusten da bidetik.

Ez dira horiek izango, ibilbide honetan ezagutuko ditugun azkeneko errekak. Izan ere, beste bi dauzkagu zain, pixka bat aurrerago. Bi zubitxo pasako ditugu, ia segidan. Aurrenekoarekin, Arrilimuriko errekaren gainetik pasako gara; eta bigarrenarekin, aldiz, falta zaizkigun erreken artean lehenengoa: Tolarietako erreka. Puntu horretan, gainera, oso postal ederra eskaintzen digu errekak, goitik datorrela.

Inguru horretan egiten dute bat, hain justu, Arrilimurik eta Tolarietak; eta hortik aurrera, Otsoeneko errekak hartzen die erreleboa, Urumea ibaira iritsi bitartean. Laster egingo dugu topo Otsoeneko errekarekin ere, Errotaran Goikoa etxearen ondoan. Hara iritsi aurretik, etxearen belardi luze-luzea ikusiko dugu ezkerrean; eta behin edo behin, aulki pila bat bertan jarrita, irudi bitxia eskainiz. Horren arrazoia, xinplea bezain polita: udako asteburuetan, antzerki saioak eskaini izan dituzte bertan, aire librean.

Zelaia bezain polita da, Errotaran Goikoak, Otsoeneko errekak eta Errotaran Erdikoak osatzen duten txokoa. Bere edertasunaz gozatzeko tartetxo bat hartu, eta bidean aurrera jarraituko dugu, errekaren ondotik, Loidira bidean. Olaizola eta Otsua-Enea sagardotegien ondotik pasako gara, eta Sagasti berrituaren aurretik ere bai.

Txoko polita osatzen dute Errotaran Goikoak, Otsoenea errekak eta Errotaran Erdikoak.
 

Behin Loidira iritsita, ezaguna dugu bueltako bidea, Hernaniko erdigunera, sortako aurreneko ibilbidean osatu baikenuen. Baina ezaguna izanagatik ere, beti daukagu zeri erreparatua, aurrekoan arretarik eskaini ez genion zerbait. Horietako bat, Portura bidean abiatuta eta berehala aurkituko dugu, errepidearen eskuineko aldean. Garai bateko baserri baten hondarrak daude bertan, Valentin Berrondorena zena; eta eraikinaren parean, errepidearen bestaldean, ur-depositu bat zeukan, oraindik ikusi daitekeena, bere tuberia lodi eta guzti. Makina bat herritar hornitu zituen depositu horrek, garai batean. Izan ere, 1968an Añarbeko urtegia martxan jarri aurretik, Santa Barbaran zegoen ur-deposituak hornitzen zuen Hernani; eta udaran, askotan moztu behar izaten zuten ura, ez zegoelako. Hori horrela, Udalak akordioa egin zuen Berrondorekin, eta bere depositutik ere hornitzen zuten herria urez. Baserriaren segidan, berriz, zentral txiki bat zegoen, Papelera del Norterena zena.

Osiñaga auzoan atzean utzi ondoren ere, bada beste txoko bat berezia, Portu eta Karabel auzoen arteko erriberan. Garai batean, duela 80 urte inguru, lupulua landatzen zuten bertan, garagardoa egiteko. Antonino Pagolarenak ziren lupulu landaketa haiek, Gipuzkoako lehendabizikoak; eta udaran, familia osoak jaisten ziren bertara, lupulua biltzera, diru pixka baten truke. Ergobitik ere gerturatzen ziren lanera. Bi edo hiru astez aritzen ziren lupulua biltzen, eta emakumeak eta haurrak izaten ziren gehienak.

Erribera, Portu auzoa eta bertako istorioak atzean utzi, eta aldapa gora egingo ditugu azkeneko metroak, Plazara iristeko.

IBILBIDEKO MUGARRIAK

Plaza    0 km
Pipirita    0,47 km
Baserritxo    0,95 km
Errotaberri    1,24 km
Igerategi    2,15 km
Altuna sagadotegia    2,67 km
Gurutzepe    3,46 km
Errotaran Goikoa    4,58 km
Loidi    5,19 km
Galtzabarrieta    5,84 km
Portu    6,45 km
Leoka    6,74 km
Plaza    6,93 km

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!