'Doinuele' euskera hutsezko plazen sarea aurkeztuko dute hilaren 15ean, eta tartean da Hernaniko Liburu Azoka

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 11a, 00:00

Doberak antolatutako liburu azokak ere parte hartuko du proiektuan.

Euskerazko irakurzaletasuna eta musika sustatzeko lanean ari diren ekimen hauek elkartuta agertuko dira lehen aldiz, asteazkenean. Doinuelen parte hartuko du Doberak, antolatutako Hernaniko liburu eta disko azokarekin.

Doinuele izeneko euskera hutsezko plazen sarea sortu dute, eta datorren asteazkenean egingo dute aurkezpena, Bilboko Bira Espazioan, goizeko 11:00etan hasita. 

Urtero hainbat ekimen egiten dira herrietan, euskera hutsezko liburu eta diskoak plazara ateratzeko eta jendartean ezagutzera emateko, tartean, azokak, egitarau bereziak, jardunaldiak... «Horien artean sarea josteari ekin diogu, indarrak batzeko eta aurtengo egutegia eta bakoitzaren ekimenak elkarrekin aurkezteko. Doinuele jarri diogu izena euskera hutsezko plazen sareari, eta hastapen honetan zazpi herri edo zazpi ekimen elkartu bagara ere, ateak irekita dauden sare honetan parte hartu nahi duten gainerako ekimenentzat». 

Doinuelen parte hartuko dute zazpi herri eta ekimenak ondorengoak dira, oraingoz: Doberak antolatutako Hernaniko liburu eta disko azoka; Zarautzeko literatura; Ziburuko liburu eta disko azoka; Sarako Ikusi Makusi; Lazkaoko liburu eta disko azoka; Baztaneko (H)ilbeltza; Azkoitiako Geure Gelatik.

Datorren asteazkeneko aurkezpenean, parte hartuko dute Doinuele sareko kide diren zazpi ekimen horietako ordezkariek, eta baita beste erakunde hauetako ordezkariek ere, hala nola, Idazleen Elkarteak, Editoreen Elkarteak eta Itzultzaileen Elkarteak. 

 

Aurkezpen berezia, asteazkenean

Euskera hutsezko plaza, azoka edo ekimen hauek bai literaturari eta bai musikari egiten dioten ekarpenaz gogoeta egiteko, idazle eta musikari banak ere hartuko dute parte. 

Asteazkenean, euskerazko irakurzaletasuna eta musika sustatzeko lanean ari diren ekimen hauek elkartuta agertuko dira lehen aldiz eta elkarrekin aurkeztuko dute zein egunetan izango den herri bikoitzaren egitaraua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!