Martxoaren 8a iritsi da. Egun berezia mundu osoko emakumeentzat. Diskriminazioa salatuz, aldarrikapen ugari entzungo ditugu nonahi, eta horiekin bat eginez, Hernaniko Sarek bereziki gogora ekarri nahi ditu herrian ditugun emakumezko bi preso politikoak: Ainhoa García Montero eta Itsaso Zaldua Iriberri, hain zuzen.
Bi presoek luze daramate kartzelan estatu frantses eta espainolarekin bizi dugun gatazkaren ondorioz, baina lerro hauetara ekarri nahi izan ditugu, gizonezkoek ez bezala, emakumezkoa izate hutsagatik sufritzen duten diskriminazio erantsia dela-eta. Izan ere, kartzelak suntsitzaileak dira edonorentzat, baina emakumeentzat are suntsitzaileagoak bilakatzen dira, gizonen ikuspuntutik eraikiak daudelako: espazioen antolaketa, tailerren eskaintza mota, janzkera-arau batzuk, jarrera matxistak funtzionamenduan eta abar.
Hernaniko Itsaso eta Ainhoa une honetan Martutenen eta Zaballan daude hurrenez hurren. Honakoa da beren egoera pertsonala:
Itsaso Zaldua Iriberri
15 urte daramatza preso (estatu frantsesean 12 urte t’erdi egin zituen eta orain 2 urte t’erdi egin ditu estatu espainolean). Martutenen dago gaur egun eta oraindik epaitu gabea da. Itsaso mutiko baten ama da.
Ainhoa García Montero
20 urte daramatza preso. Zaballan dago gaur egun eta zigorraren laurdena du soilik betea, nazioarteko zigor-batuketa ez zaiolako aplikatzen.
Nazioarteko Egun honetan, beraz, Hernaniko Saretik euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatu eta salbuespen-legeria salatu nahi ditugu, eta, bereziki, Ainhoari eta Itsasori, gure berotasuna eskaini nahi diegu bertso honen bidez:
Mendekua oinarri
duen eraikina
ziega, patioa,
hormigoi, burdina.
Errepresio gisa
dakite, jakina
horrek denak guregan
duen eragina.
Kartzela da leku bat
propio egina
arraza, generoa,
herria, adina.
Kartzela da leku bat
propio egina
gorputzek ez dutena
kondena berdina.
(Eli Pagola)
Maite Lizeaga Errazkin
Sareren izenean