Maiatza hasierarako egongo da prest Urbieta kaleko sokadun parke berria

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 7a, 00:00

Proiektuan parte hartu duten kideak, aurkezpenean.

Martxoko azken astean hasiko dira obrak, eta asmoa da lau astetan parkea erabilgarri egotea.  

Haurrek sortutako parke berri bat izango du maiatzean Hernanik. Hernani Erabaki egitasmotik sortutako ideia da, eta datozen hilabeteetan iritsiko da prozesua amaierara. 

Proiektuaren aurkezpen ekitaldian Xabier Lertxundi alkateak azaldu zuen ez dela ohiko parke bat izango: «Parkea berezia izango da, ez da ohituta gauden parkeak bezalakoa izango. Batez ere sei eta hamabi urte bitarteko haurrentzako eremua izango da, eta sokak eta natura izango dira elementu zentralak». Proiektuak gainditu egin du hasiera batean aurreikusitako aurrekontua; azkenean 278.058 eurokoa izango da. 

Hernaniko ehun haurrekin egin zuten hasierako lanketa, eta Maushaus estudioko kideak izan dira ideia guztiei forma ematen aritu direnak. Teresa Meana arkitektuak azaldu zuen haurren ideiak ahalik eta fidelen egikaritzen saiatu direla: «Ideia guztiak bildu genituen, eta segurtasuna, ingurua, natura eta baliabideak kontuan hartuta prestatu ditugu parkeko jolasak».

Soka gorriak izango dira Urbieta kalean kokatutako parkearen gidariak, eta martxoko azken egunetan hasiko dituzte obrak. Aurreikuspena da lau asteko iraupena izatea; beraz, maiatza hasierarako prest egongo da haurrek sortutako sokadun parkea. 

Gereziondo bat parkeari 'Bizipoza' emateko

Bizipoza Elkarteak ere tartetxo bat izango du sokadun parkean. Elkarteak Hernaniko Udalari oparitutako gereziondo bat landatuko dute eremu berrian, eta Xabier Lertxundik azaldu zuen zergatik hautatu duten gune hori: «Esan genuen umeen parte hartzea sustatzen zuen gune batean jarriko genuela, eta ikusi dugu eremu polita dela, ikusarazten duelako elkartetik egiten den lana eta haurren parte hartzea». 

Elkartetik esker ona adierazi zuen Leire Elizegik, eta gereziondoak ardatz askoren lotura gisa irudikatu zituen Joxe Mari Agirretxek: «Gereziondoa bertako haurrek zainduko dute, eta ametsak ere landatuko ditugu. Jolasa izango dugu inguruan, baina baita lurra, zuhaitzak, eta landareak ere, natura zainduko dugu egunerokotasunean. Gainera, euskaraz entzungo ditugu jolasean, eta guztiak bat egingo du». 

Sokadun parkeak oraindik ez du izenik, baina haurrek proposatutako izen bat jartzea da asmoa. Horretarako, Hernaniko eskoletan postontzi batzuk jarriko dituzte, bakoitzak nahi duen proposamena egin dezan. Ondoren, bat hautatuko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!