Indarrean dagoen migrazio-politikak hil egiten duela salatu du Amherrek

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 7a, 00:00

Otsaileko bi gertaera tragikoren harira, salaketa egin du Hernaniko Elkarte Multikulturalak. Adierazi dute migrazio-politikak «arriskuan jartzen duela milaka pertsonen bizitza». 

Indarrean dagoen migrazio-politika gogor kritikatu du Amherrek. Bi hondoratze izan ziren otsailean Kanariar Uharteetan, eta 70 pertsonatik gora hil ziren migrazio-bidean: «Patera bat 65 lagunekin atera zen eta hotzak eta goseak, gutxienez 34 pertsona hil zituen, tartean zazpi adingabe. Beste gabarra 56 pertsonarekin atera zen, eta horien artean 21 emakume eta 5 haur zeuden. Adingabe guztiek eta 36 helduk bizia galdu zuten». Bi gertaera tragiko horien harira, egun Espainiako estatuaren eta Europar Batasunaren migrazio-politika salatu du Amherrek: «Espainiako estatuen eta Europar Batasunaren egungo migrazio-politikaren helburu nagusia mugak ixtea eta pertsonen joan-etorri askea blokeatzea da». 

Migrazio-politikari egozten diote alternatiba falta, horrek sortzen dituen arrisku guztiekin: «Migrazio-politika horietan alternatibarik ez dagoenez, etortzen direnek ezkutuan sartzera behartzen ditu, eta beraz, bizitza hobea lortzeko ahaleginean, milaka pertsona bizitza arriskuan jartzera bultzatzen ditu». Horregatik nabarmendu dute migrazio-politika honek «hil egiten duela».

Gertakari lazgarri hauen aurrean, pertsonen eskubideak errespetatzeko eskaera egin dute Amherretik, eta azpimarratu dute otsailean jazotakoak ez direla gertakari isolatuak: «Bizitza hobea lortzeko bideari ekitea ez da delitua, pertsona askok ihes egiten dute eta bide seguruak eta harrera duina eskaini beharrean, kausitzen dutena heriotza da. Ez dezagun normalizatu migratzaileen heriotza eta errespeta ditzagun eskubideak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!