Berdintasuna hizpide, Beterri Saretuzen saioan

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 7a, 00:00

Ekimenaren bigarren formazio saioa egin zuten, Biterin. Berdintasunari lotutako gaiak landu zituzten. 

Joan den astean egin zuten Beterri Saretuz ekimeneko bigarren formakuntza saioa, Biteri Kultur Etxean. 'Berdintasuna enpresan' izenburupean, Berdintasun Planei buruzko informazioa jaso zuten kooperatiba, erakunde eta proiektuetako kideek, gai hori lanean nola jorratzen den hausnartzeko. 

Bi zatitan banatu zen saioa. Lehenengo atalean Elhuyar Fundazioko Joana Regueirok Berdintasun Planei buruzko informazio teknikoa eta azalpenak eskaini zituen; araudi berriak dakartzan aukerak eta dituen hutsuneak, esaterako. Regueiroren esanean Berdintasun Planek «arlo hori modu kontzientean eta planifikatuan lantzeko aukera ematen dute». 

Saioaren bigarren zatia Hiruki Larroxa kooperatibako Ibai Fresnedok gidatu zuen. Hausnarketarako gaiak proposatzea izan zen Fresnedoren helburua, eta berdintasunaren eta parekidetasunaren artean dagoen diferentziaz, edota berdintasunaren gaia ikuspegi intersekzional batetik lantzeko beharraz hitz egin zuten: «Berdintasuna unibertsala den heinean, ezin gara geratu generoarekin bakarrik».

Martxoaren 29an egingo dute hirugarren saioa

Hilabete honetan bertan itxiko dute formakuntza saioen zikloa. Martxoaren 29an jasoko dute hirugarren hitzaldia, eta ingurumenak enpresen iraunkortasunean izan beharko lukeen garrantziaz hausnartuko dute. Izena emateko aukera zabalik dago https://beterrisaretuz.eus/events/ingurumena-enpresen-iraunkortasunaren-parte/ webgunean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!