Hondakinen bilakaerari buruz hitzaldia, gaur

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 6a, 00:00

Biterin eskainiko da 19:00etatik aurrera eta 2010tik 2023rako bilakaera azalduko da.

Hernanin Zero Zabor elkarteak antolatuta, gaur, arratsaldeko 19:00etan, azterketa egingo diote Hernaniko herriak hondakinen kudeaketan azken 13 urteotan egin duen bideari. Biteri kultur etxean Joxe Mari Irazusta usurbildarrak, azken urteotan Gipuzkoako hondakinen jarraipen zorrotza egin duenak, aurkeztuko ditu datu nagusiak: Zer moduz ari gara hondakinekin Hernanin? izango da bere hitzaldiaren titulua. 

2010ean, Usurbil hasi eta berehala, «Hernanik ere atez ateko bilketa egin zuenetik gaur arte gauzak asko hobetu dira herri honetan», dio elkarteak berrikitan Zero Waste Europe erakundeak Hernaniri Zero Zabor Herri zertifikazioa eman dion arte. Irazustak aztertu ditu aldaketaren datu nagusiak: zenbat hondakin sortzen zuen Hernanik 2010ean eta zenbat sortzen duen gaur, zenbat biltzen zen gaika bereizia duela hamahiru urte eta zenbat gaur, auto eta auto-konpostaren datuak, zenbat errefus bidaltzen duen... eta datu horiek alderatuko ditu inguruko beste herri batzuek (Lasarte-Oria, Donostia, Urnieta, Usurbil...) ematen dituzten datuekin.

Horren ondoren, aurrera begira sistema nondik hobetu daitekeen ere markatuko du.

«Hernaniarrek ondo dakite nola deskantsurik gabe ari diren erasoan erraustegiaren eta lobby industrialen morroiak diren zenbait politikari. Gaurko bileran erakutsiko ditugu Hernanin hondakinak kudeatzeko daukagun sistemaren benetako datuak, zertan egin dugun aurrera eta zer daukagun oraindik aurreratzeko. Bilerara gonbidatuta zaudete», diote Zero Zabor elkartetik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!