San Joan Jaiak iragartzeko kartel lehiaketa ireki du Udalak

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 5a, 00:00

Proposamenak martxoaren 31ra arte aurkeztu daitezke  'kultura@hernani.eus' helbidean edota Biteri kultur etxean. Saria 700 eurokoa da. 

Urtero antolatu ohi duen San Joan Jaiak iragartzeko kartel lehiaketa martxan jarri du Udalak. Dagoeneko lanak aurkeztu daitezke eta lehiaketarako baldintzak edo oinarriak kultura.hernani.eus webgunean ikusi daitezke. Parte hartu nahi duen edonorentzat dago zabalik.  

Lehiaketan parte hartzeko, 32 cm-ko zabalera eta 48 cm-ko altuera duten lanak aurkeztu beharko dira, derrigorrez formatu digitalean. Bestalde, erresoluzioa 300 ppp-koa izango da eta CMYK erako koloreak izan behar ditu. Kartelak, halaber, SANJOANAK 2023 goiburua jaso beharko du.

Ostiralean hasi eta martxoaren 31ra arte izango da lanak aurkezteko epea. Jatorrizko lanak emailez edo Biteri kultur etxean aurkeztuko dira. Emailez kultura@hernani.eus helbidera bidali beharko dira eta lanarekin batera, egilearen izena, helbidea eta telefonoa erantsiko dira. Biterin, datu pertsonalak aparteko gutunazal batean aurkeztuko dira.

Bai online bai aurrez aurre aurkeztutako lanetan, lanak jaso izanaren ziurtagiria edo mezua jasoko dute egileek. Beraz, erantzunik jasotzen ez bada, lanak behar bezala iritsi ez direla adieraziko du.

 

Jai batzordeak sei aukeratuko ditu eta apirilaren 24tik maiatzaren 5era bozkaketa

Behin proposamenak jasota, jai batzordeak gehienez 6 kartel aukeratuko ditu apirilaren 18an. Ondoren, Hernaniko herritarrek bozka emateko aukera izango dute, presentzialki eta online apirilaren 24tik maiatzaren 5era arte. Bozka gehien jasotzen dituen kartela proposatuko da San Joan jaiak iragartzeko kartela izan dadin. Kartel irabazlea 2023ko maiatzaren bigarren astean jakinaraziko da, maiatzaren 8tik 12ra.

Sari bakarra 700 eurokoa izango da, 350 euro Hernaniko Berriak elkarteko dendatan erabili beharko dira, eta beste 350 euroak transferentzia bidez ordainduko dira. Saritutako obra Hernaniko Udalaren jabetzan geldituko da. 

Ezinbestekoa da lehiaketara aurkeztutako lanak 2023ko maiatzaren 31 baino lehen Biteri kultur etxetik erretiratzea; data horretarako erretiratu ezean Udalaren eskuetara pasatuko dira. Erabakia apelaezina izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!