Adinekoei energiaz eta fakturez informatzeko hitzaldia eskainiko du etzi Udalak Goiz Eguzkin

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 5a, 00:00

Energiaren Udal Bulegoko kideek izango dute informatzeko ardura eta etzi, asteartean, hilaren 7an, 10:30etan izango da informazio saioa.

Energiaren Udal Bulegoak Gabriel Zelaiatik kanpo ere eskainiko du zerbitzua. Oraingoan, adineko pertsonentzako bereziki prestatutako saioa egingo du. Hala, Udal Bulegoa kudeatzen duen Enherkom kooperatibako kide batek Goiz Eguzki jubilatuen elkartean emango du hitzaldia. Azken boladan, argindar eta gas fakturen igoera haundia jasaten ari dira herritarrak eta faktura ulertzeko eta dirua aurrezteko gomendioak eskainiko ditu adituak.

Etzi asteartean, hilaren 7an, 10:30etan izango da informazio saioa. Hitzaldiaren ostean, interesa duenari zita emango zaio fakturaz edo energiarekin lotutako beste gai batez kontsulta pertsonalizatua egiteko.

Gomendatzen da norberak bere fakturak eramatea, azalpenak hobeto ulertzen lagungarriak izango direlakoan.

 

261 kontsulta azaro amaieratik, Energiaren Udal Bulegoan 

Iazko azaroaren 22tik aurtengo otsailaren 23ra bitartean, 261 kontsulta eskaini dira Energiaren Udal Bulegoan. 250 kontsulta fakturarekin lotutakoak izan dira, eta besteak, komunitate energetikoari buruzkoak (6), eraikinaren eraginkortasun energetikoari buruzkoak (2) eta teknologia berriztagarriei buruzkoa (1).

Artatu diren herritar guztietatik 157 emakumezkoak dira eta 104, gizonezkoak. Adinari dagokionez, 125 herritar (45-54 urte bitartekoak); 85 (65 urtetik gorakoak); eta 48 (35-45 urte bitartekoak) izan dira buelgora gerturatu direnak.

Energia fakturetan emandako aholkuengatik estimatutako aurrezpen ekonomikoa 250.000 eurokoa da urtean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!