Aitzindari bilakatu da Bodega taberna, Gipuzkoa mailan, kablerik gabeko entzungailuekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 4a, 00:00

Munduko zenbait txokotan daude dantzaleku isilak.

Tabernako sarreran banatu zituzten entzungailuak; hiru musika kanalekin, bakoitza estilo eta kolore batekoa izanik. 

Joan den asteburuan, otsailaren 25ean, Hernaniko Bodega taberna aitzindari bilakatu zen, Gipuzkoa mailan. Izan ere, entzungailuak banatu zituzten bezeroen artean eta sekulako arrakasta izan zuen aurikularren ideiak. Tabernara sartuta, panorama ondorengoa zen: taberna musikarik gabe eta dozenaka pertsona aurikularrekin musika entzuten, dantzan.

Tabernako sarreran banatu zituzten entzungailuak, hiru musika kanalekin, bakoitza estilo eta kolore (gorriak, berdeak eta urdinak) batekoa izanik; batzuk rock estiloko musikarekin; beste batzuk euskal estiloarekin; eta beste batzuk, aldiz, reggaetoi estiloarekin.

 

Dantzaleku isilak, munduko zenbait txokotan
Azken urteotan ezagunak bilakatu dira dantzaleku isilak, edota ekimen isilak. Ondorengo eremu hauetara bertaratzen direnek kablerik gabeko entzungailuen (LED argiekin) bidez entzuten dute musika. Betiko diskoteka konbentzionaletatik bereizten dira, irrati-uhinen transmisore baten bidez erreproduzitzen baitute musika eta seinalea, entzungailuetara iristen dira, bozgorailua erabili beharrean. Entzungailurik ez daramatenek ezin dute musikarik entzun, eta horrek, jendez betetako areto batean efektua egiten du, isilean dantzatuz. Diskoteka isilak ohikoak bihurtzen ari dira musika jaialdietan, publikoak dantzan jarraitzeko aukera eskaintzen baitute, eremuan zaratarik egin gabe.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!