Ostadarren bisita jasoko dute bihar Hernaniko Euskal Ligako mutilek

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 4a, 00:00

Erregulartasuna lortu nahi du Hernanik, sailkapenean postuak igotzeko.

Emakumezkoen Euskal Ligako taldeari, aldiz, atseden hartzea egokitzen zaio jardunaldi honetan. 

Ostadarren bisita jasoko dute bihar, goizeko 11:30etatik aurrera, Hernaniko Euskal Ligako mutilek. Maila ona erakusten ari dira hernaniarrak, eta sailkapenaren behealdeko talde baten aurka jokatu beharko dute bihar. Azken aurreko postuan dago Ostadar, eta partidu bakarra irabazi du denboraldi guztian. Hernanik, aldiz, erregulartasuna lortzea du helburu, 15 partidutan 7 garaipen eta 8 porrot jaso baititu. 

Euskal Ligako neskek, aldiz, atseden hartzeko tartea izango dute oraingoan. Datozen jardunaldietara pilak kargatuta iritsiko dira, eta bolada ona mantentzea izango da Hernaniren helburua. 

Gainontzeko taldeei dagokienez, etxetik kanpo jokatuko dute nesken kadete mailako bi taldeek, Aldapeta Mariaren eta Txingudiren aurka. Mutilen kasuan Hernanin jokatuko dira bi norgehiagokak: Hernani 1 taldeak Salbatore Mitxelenaren aurka jokatuko du, eta Hernani 2 taldeak Bera Beraren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!