«Finalean egotea haundia da niretzat, eta daukadan guztia ematera joango naiz»

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 4a, 00:00

Suharri Rodriguez 'Paolla' kanporaketako proban.

Bihar eguerdian jokatuko da II. Euskal Duatloiaren finala, Azpeitiako Zezen Plazan. Sei kirolari sailkatu ziren kanporaketatik; haien artean Suharri Rodriguez 'Paolla' hernaniarra. Uste baino sentsazio hobeak izan zituen lehenengo saioan, eta finalerako gogotsu dago. 

II. Euskal Duatloiaren finala jokatuko da bihar, eguerdiko 12:00tan, Azpeitiako Zezen Plazan. Sei kirolarik lortu zuten finalerako sarrera, haien artean Suharri Rodriguez 'Paolla' hernaniarrak, kanporaketako lana laugarren denbora onenarekin amaituta; 15:56. Paollaz gain, kirolari hauek arituko dira bihar aizkoran eta korrika: Oier Kañamares (14:47), Ibai Soroa (15:18), Arkaitz Jauregi (15:48), Xabier Zaldua (16:47) eta Eneko Saralegi (17:02). 

Oraingoan bikoiztu egingo dira egin beharko dituzten lanak: 45 ontzako etzandako lau egur ebakiko dituzte hasteko, lau kilometro korrika jarraian, eta 45 ontzako zutikako lau egur ebakita bukatuko dute proba. Saio gogorra izango dela aurreikusten du Paollak, baina «sorpresa» emateko gogoz dago.

 
Finala iristear dago, urduri zaude?

Orain nahiko lasai nago. Presio haundiagoa izaten da irabazteko aukerak dauzkazunean, baina oraingoan lasai noa. Gainontzeko finalista gehienak ni baino hobeto moldatzen dira egin beharreko lanetan, eta alde horretatik lasaiago noa. Momentuan saiatuko gara gerra ematen eta ahal dena egiten, eta ikusiko da plazan zer gertatzen den. 

 

Zer moduzko gorputzaldia utzi zizun kanporaketako saioak?

Egia esateko, uste baino dexente hobeto joan zen guztia. Ez nintzen asko prestatu egun horretarako, eta nola aterako zen probatzera joan nintzen. Oso gustura bukatu nituen lanak; sentsazio onekin eta fresko, eta ikusi nuen gai nintzela normalean puntan ibiltzen diren horiei kontra egiteko. Gainera, ez nuen barruko guztia ateratzerik izan, akats txiki bat egin genuelako. Orain finalean dena ematen saiatuko gara.  

 

Finalera pasatzeko 17 minuturen bueltan estimatzen zen kortea. Sailkatzeko aukerekin ikusten zinen? 

Beno, aurrera egiteko korteen kontu horietan gorabehera haundiak izaten dira. Egurraren arabera doa gehienetan, eta hasieran pentsatzen duzu korte bat izango dela, baina gero aldeak haundiak izaten dira. Hasi arte ez dugu jakiten nolako egurrak moztu beharko ditugun, eta diferentzia haundia da.

Kasu honetan pentsatzen genuen 16 edo 17 minuturen bueltan bukatzen zutenek aukera izango zutela finalean sartzeko. Kanporaketara ez nintzen finalean sartzeko aukeretan pentsatzen joan, etxean egiten nituen entrenamenduetan oso urruti nenbilelako aipatutako denbora horretatik.

 

Zer denboraren bueltan zenbiltzan entrenamenduetan? 

20 edo 22 minutu behar nituen lanak bukatzeko. Egia da lehiaketakoa baino egur gogorragoa eta haundixeagoa erabiltzen nuela, baina etxean ikusitako denborarekin ilusio gutxiagorekin joan nintzen probara. Bertan ikusi nuen ondo nenbilela, eta plazako giroarekin gehiago animatu nintzen. 

 

Hiru asteko tartea izan duzu finala prestatzeko, zein izan da zure plangintza?

Gu aizkolariak gara, eta normalean etzandako egurrak ebakitzen ditugu. Ni nahiko hasiberria naiz zutikako lanean, eta denbora gutxi eduki dudan arren, hori lantzen aritu naiz. Korrika ere egin ditugu saio batzuk; mutil haundi xamarrak gara korrika ibiltzeko, baina saiatu gara serie eta buelta batzuk egiten. Azkenean lan bikoitza egin behar dugu orain, eta gehiago sufritzea tokatuko da. 

 

Asko kostatu zaizu lan berri hauetara egokitzea? 

Aizkorako lanen kasuan, oso desberdina da etzanda edo zutik ebakitzea. Ematen du egur berdiña dela, eta orientazioa bakarrik aldatzen dela, baina oso desberdina da. Hasieran ez bazara dakien batekin hasten miña hartzeko arriskua ere izaten da, goitik beherako kolpean huts txiki bat egin eta aizkora zuzenean hankera joaten delako.  Beldur pixka bat ematen du mozketa horrek, eta garrantzitsua da konfiantza hartzen joatea, geroz eta huts gutxiago egiteko. Horixe egiten saiatu gara. 

Korrikari dagokionez, normalean ez gara gehiegi aritzen eta ez nekien nire gorputzak nola erreakzionatuko zuen. Egia esan, uste nuena baino hobeto moldatu naiz, eta gustura nago. Aizkorako lanetik bete-bete eginda korrika hasteak arduratzen ninduen, baina aldaketa uste baino errazago egiten dut. 

 

Finalaren aurreko egunetan errutina berezirik izaten duzu? 

Normalean aste hasieran saio txiki bat egiten dugu, eta, batez ere, lasai egoten saiatzen naiz. Azken astean lau egun hartzen ditut deskantsatzeko, plazara beste txispa batekin iristeko; lasaiago eta deskantsatuta. 

 

Kanporaketatik finalera bikoiztu egiten da lana, zer moduz datorkizu? 

Jakin badakigu lan bikoitza dela, baina nik beti esaten dut pertsona bat betetzeko nahikoa dela egur bakar bat. Abiaduraren eta erritmoaren arabera funtzionatzen du honek. Orduan, lan dobleak errespetua ematen du, baina martxa on bat hartu eta horretan segi behar da, gorputzari gogor eginez eta erritmoari eutsiz; hortxe dago gakoa. Hori egin ezkero egurrak ebakiko dira, ez da lan bikoitza izateagatik ez dugula bukatuko, nik argi daukat lanak bukatuta etxeratuko naizela; ez dakit zein postutan, baina lanak bukatuta. 

 

«Nahiko hasiberria naiz zutikako lanean, eta hori lantzen aritu gara. Korrika ere egin ditugu saio batzuk; mutil haundi xamarrak gara korrika ibiltzeko, baina saiatu gara buelta batzuk egiten. Lan bikoitza osatu behar dugu orain, eta gehiago sufritzea tokatuko da»

 

Bost aurkari gogor izango dituzu aurrean. Nor da faboritoa?

Finalista gehienek lehendik lehiatu dute proba honetan, eta esperientzia dute korrika eta zutikako lanean. Guztien artean Ibai Soroa eta biok gara aurtengo finalista berriak. Lehenengo aldiz aterako gara plazara, eta saiatuko naiz borroka pixka bat izaten Soroarekin. Besteekin zailagoa ikusten dut, baina gerra ematen saiatuko gara. 

 

Biharko helburu zehatzik jarri diozu zeure buruari? 

Finalera sartzea jada gauza haundia da niretzat, eta dena ematera joango naiz. Ahal dela sorpresa eman nahiko nuke; ea nola irteten den, baina horixe da helburua.

 

Finalaren ondoren zein izango da hurrengo erronka? 

Ikusiko dugu ea hau nola ateratzen den. Hala ere, bukatzen dudanean korrika saioak alde batera utzi eta aizkoran zentratu nahiko nuke. Aurten Gipuzkoako lehenengo mailan aritzeko aukera daukat, banaka eta binaka, eta helburua da horretarako gogor entrenatzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!