«Gorputzaren kontzeptua landu dut erakusketan, edertasunetik eta alde erotikotik askatuz»

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 4a, 00:00

Irati Pires Idarreta, erakusketako zenbait argazki, testu eta objekturekin. Emakumeek beren gorputzaz modu librean hitz egiteko espazioa izatea nahi du.

'Cuerpo' erakusketa inauguratuko du Irati Pires Idarretak gaur, goizeko 11:00etan Kulturarteko Plaza Feministan. Gorputzari buruz modu librean hitz egitera animatu nahi ditu emakumeak.

Ezohikoa eta berezia izango da Hernanira bisita, oraingoan, Irati Pires Idarretarentzat. Jaio eta hiru astera joan zen Hernanitik Póo de Llanesera bizitzera gurasoekin, aitak irakasle plaza lortu zuelako Asturiasen. Eta ordutik, urtero etorri da herrira, Gabonetan zein oporretan.

Hernanin da asteburu honetan, baina ez opor kontuak tarteko: Cuerpo erakusketa inauguratuko du gaur, Kulturarteko Plaza Feministan, goizeko 11:00etan. Bertan azalduko ditu erakusketaren nondik norakoak, eta hori lantzeko prozesua.

 

Gorputz atalen argazkiekin murala osatzea, duela zortzi urte piztutako «amets bat»

Psikologoa eta sexologoa da Irati Pires Idarreta. Heziketa saioak eta tailerrak egiten ditu, nerabeekin eta gazteekin bereziki; eta horrez gain, partehartze teknikaria ere bada. Baina bazeukan gogoa, «zerbait irekiagoa eta publikoa» egiteko, adin guztietako jendearengana iristeko.

«Institutuetan edota elkarteetan eskaintzen ditut tailerrak, baina itxiak izaten dira, ez edonorentzat. Eta gaur egun sexu heziketa eskoletan eta institutuetan asko lantzen den arren, kanpoan uzten dugu populazioaren zati haundi bat, sekula horrelako heziketarik jasotzeko aukerarik izan ez duena», azaldu du Piresek. Horregatik, sortu nahi izan du espazio bat «edonor sartuko zena, bere kaxa begiratuko zuena, eta bereziki, gorputzari eta sexualitateari buruz modu librean hitz egin».

Asmo hori duela urte batzuk hasi zen gorpuzten. «Bizitza osoa daramakit mugimendu feministetan. Eta duela zortzi urte inguru, piztu zitzaidan amets moduko bat: mural bat egitea gorputzeko atalen argazkiekin, horri buruzko estigmak eta tabuak desegiteko. Ikusi nuen emakumeei, baita gaiaren inguruan diskurtso kritiko bat zutenei ere, kosta egiten zitzaiela bere burua eskaintzea horrelako zerbait egiteko; eta horrek erakutsi zidan, badaukagula zerbait oso barruan iltzatuta, edertasunaren gainetik, eta estandarren arabera ez janzteagatik gure burua baliozkoa ez dela sentitzearen gainetik».

Hari horri tiraka hasi zen lanean, eta konturatu zen, oso gutxi landutako gaia dela: «Nahiz eta ahoz asko komentatu, muinean estigma asko daukagu gure buruarekin eta autoestimuarekin», azaldu du.

 

18 eta 84 urteko 50 emakume protagonista, erakusketan

Emakumeek beren gorputzaren inguruan zeuzkaten istorioak bildu nahi zituen Irati Piresek, eta deialdi irekia egin zuen, sare sozialen bitartez, proiektuan parte hartuko zuten emakumeen bila: «Oso pozik nago jasotako erantzunarekin. 18 eta 84 urte bitarteko 50 emakumek hartu dute parte, eta horietako asko ez nituen ezagutzen». Elkarrizketak egin zizkien banaka, aurrez aurre, telefonoz edo bideo-dei bidez, eta kasu batzuetan, formulario bat betez: «Jende bat bidean galtzen duzu, nahi baduzu aurrez aurre hitz egitea. Oztopo asko dauzkagu gai honi buruz hitz egiteko».

Emakumeei entzunda eta haien istorioak jasota, ikusi zuen «bazegoela istorio komun moduko bat, eta neroni ere, irakurtzen nituenean, guztiz identifikatuta sentitzen nintzen. Iruditzen zait, gure bizitzan zehar horiei buruz ez hitz egiteagatik, oso enkistatuta dauzkagula gauza asko».

Istorio horien «zati esanguratsuak» hartu ditu, eta horiekin osatu du erakusketaren zati bat. Baina bada alde grafiko bat ere: «Bakoitzak bidali zidan bere titien argazkia, etxean aterata. Hasiera batean, asmoa nuen estudio batean egiteko argazki horiek; baina ohartu nintzen, iluminazio eta posizio perfektua ez direla ohikoak, gure burua ispiluan begiratzen dugunean». Argazki horiek jarri ditu erakusketan, eta horiei lotuta, testu txikiak, «emakume horiek aitortu zizkidaten kontuekin, beraien gorputz identitateari buruz, eta beren gorputzarekin nola sentitzen diren kontatuz». Beste testu batzuk ere izango dira bertan, hilekoari eta fluxuei buruz, bulbaren estetikari buruz... Eta marrazkiak ere bai: «Zenbaitek, titien argazkiez gain, bidali zizkidaten bulbaren autoerretratuak, eta oso gauza sinpatikoa iruditu zitzaidan».

 

Abiapuntua, jakitea «nola sentitzen diren bere gorputzarekin, alde estetikoari garrantziarik eman gabe»

Gorputzaren kontzeptua landu du Irati Piresek erakusketan, «edertasunetik eta alde erotikotik askatuz. Gure gorputzaren balioa ez da edertasunaren eta erotikotasunaren araberakoa. Gu bizi garen espazioa da gorputza», adierazi du.

Zentzu horretan, proiektuaren abiapuntua garbi zeukan: «jakitea emakumeak nola sentitzen diren bere gorputzarekin, alde estetikoari garrantziarik eman gabe. Izan ere, kasu gehienetan, ikusten ditugun gorputzak estandarizatuta daude. Aldagela batean gaudenean, adibidez, ez dugu gainerako emakumeen bulba ikusten, ez delako begirada hutsean ikusten den zerbait. Beraz, falta zaigu informazioa eta errepresentazio anitz bat, eta horrek konplexu asko eragiten dizkigu. Hori irudikatu nahi izan dut erakusketan».

 

«Izugarri poztuko nintzateke, jendea ez balitz identifikatuta sentituko; aurrerapen bat dagoela erakutsiko luke»

Bere aurreneko erakusketa du Irati Pires Idarretak, eta Gijonen jarri zuen estreinakoz, Gazteriaren Kontseiluan. Bigarren erakustokia du Hernanikoa, eta martxoaren 31ra arte egongo da ikusgai, Hernani Munduari Begira zikloaren barruan.

Gijonen jarri zuen erakusketatik, «istorio gehiago» txertatu ditu oraingoan, «erakusketa eboluzionatzen joan dadin». Zentzu horretan, aurreratu du asmoa dela «jende gehiago animatzea parte hartzera, eta erakusketa hazi ahal izatea».

Horregatik, bi bide eman ditu aukeran, proiektuan parte hartu nahi duten emakumeak berarekin harremanetan jartzeko: Instagrameko @iratipsx kontua, eta proyectocuerpoexpo@gmail.com helbide elektronikoa.

Bere ustez, antzeko eragina sortuko du erakusketak Gijonen, Hernanin edo beste toki askotan: «Izugarri poztuko nintzateke, Hernaniko emakumeak ez balira identifikatuta sentituko erakusketako partehartzaileek kontatzen dutenarekin. Aurrerapen bat dagoela erakutsiko luke horrek. Baina uste dut egoera antzekoa dela toki guztietan», adierazi du.

Horregatik, lortu nahi du, behintzat, erakusketa hausnarketarako eta solaserako espazio izatea: «Sartzen zara toki batean non dauzkazun titien argazkiak edo braga batzuk zintzilik; toki bat non hitz egiten den fluxuari buruz, beharbada zuk ez duzuna hizketagai izan zure ingurukoekin... Nahi dut erakusketak norbera bultzatzea pentsatzera, eta bereziki, hitz egitera. Proiektuko partehartzaileek esan zidaten, beraientzat interesgarriena izan dela horri buruz hausnartzeko tarte bat hartzea, sekula hartu ez zutena. Nork bere burua begiratu, argazki bat atera, marraztu... Hori bera aitzakia izan daiteke amarekin edo amonarekin komentatzeko, adibidez; eta beharbada aurretik ez duzue inoiz hitz egin horri buruz».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!