«Eskubideak ez dauzkagu nortasun agiri bat dugulako, kosmopolitak garelako baizik»

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 4a, 00:00

Angel Olaran, Portuko plazan, bere auzoan. «Ez da asko aldatu urte hauetan guztietan», kontatu du.

Aurreko larunbatean iritsi zen Angel Olaran Hernanira, eta gaur bertan bueltatuko da Wukrora (Etiopia), gatazkaren erdigunera. Han bizi duten egoeraren berri emateko aprobetxatu du bidaia, eta horri buruz hitz egin du Kronikarekin ere.

Bi urte pasatxo dira Tigray eskualdean gerra hasi zela.

2020ko azaroaren 4an hasi zen, bai. Ni Hernanin harrapatu ninduen. Glaukoma ebakuntza egitera etorri nintzen, eta Tigraytik atera eta lau egunera lehertu zen gerra. Pentsa, handik ateratzera nindoanean, hango denek esaten zidaten ez etortzeko, Covidarekin oso arriskutsu zegoela eta han seguruagoa zela egoera. Eta berehala lehertu zen gerra. Inork ez zuen halakorik espero. 

 

Denbora luzez egon zinen hara bueltatu gabe, ezta?

Bai. Berez, nik banuen lehenago bueltatzeko aukera, hegaldia hartuta neukalako Gabonen ondoren itzultzeko. Baina inguruko guztiek behin eta berriz esaten zidaten ez joateko. Eta azkenean, urtebete egon nintzen hemen. Gainera, bueltatu nintzenean, Addis Abeban bi hilabetez egon behar izan nuen, Tigrayn sartzeko baimena lortu arte.

Nolakoa da egoera bertan, une honetan?

Azkeneko urtean, ez da gerrarik izan Wukron, ni bizi naizen zonaldean. Mugetan dago gatazka. Iparraldean, Eritreak Tigrayren zati bat berea dela aldarrikatu du; eta hegoaldean eta mendebaldean, Amhara eskualdeak ere exijitu du Tigrayko lur batzuk bereak direla. Wukro barrualdean dago, eta inork ez du aldarrikatu berea denik. Horregatik ez dago gatazkarik bertan.

 

Wukron gatazkarik ez, baina ingurukoak eragingo dizue...

Bai noski, bete-betean. Hasteko, Wukroko gazte asko daude frontean, eskualdeko gune desberdinetan. Bestalde, muga guztiak, estatu barrukoak zein kanpokoak, itxita dauzkagu. Sudanekin daukagun mugan ere, Amhara eskualdekoak daude. Errepideak itxita daude, garraio publikorik ez dago... Hegazkinez sartu edo atera zaitezke, baina kontrola haundia da, eta askok ez daukate horretarako dirurik. Iristen den laguntza humanitarioa, berriz, oso exkaxa da. 18 hilabetetan, familia batzuek hiru aldiz jaso dute laguntza, beste batzuek behin edo bitan, eta badira behin ere jaso ez dutenak. Eta laguntza honakoa da: 15 kilo gari pertsonako, eta zortea izanez gero, olio botila bat eta lau kilo zereal.

Iazko azaroaren 2tik, Tigrayk eta Etiopiako gobernuak bake akordioa sinatu zutenetik, egunero 100 kamioi baino gehiago sartu behar ziren Tigrayn, elikagaiekin. Beraz, honezkero 9.000 kamioi izan behar ziren, baina 50 ere ez dira sartu. Azkenaldian, badirudi gehiago iristen ari direla, baina populazioaren %16ak besterik ez du jaso laguntza. Gainera, higienea ez da kontutan hartzen laguntza horretan; ura besterik ez daukagu higienerako. Lotsagarria da, hori laguntza humanitarioa denik esatea. Larriena da, Nazio Batuen Erakundea, Europar Batasuna edota Afrikako Batasuna ez daudela guzti honekin kezkatuta. Tigrayn jatekorik ez dagoen bitartean, sekulako dirutza, bilioiak eta trilioiak, bideratzen dute beste gauza batzuetara; armak erostera, adibidez.

 

Nolakoa da egunerokoa Wukron?

Jatekoaren araberakoa da egunerokoa; lanaren araberakoa ez, enpresak ez daudelako martxan. Medikuak bai, lanean ari dira, baina kobratu gabe, eta oso baldintza prekarioetan: ez daukate sendagai nahikorik, eta beharrezko tresnarik ere ez. Ia bi urte daramazkite funtzionarioek soldata kobratu gabe, izan mediku, irakasle... Banketxeak itxita daude; diote martxan daudela, baina jarduna ez da erreala. Han daukazun dirua ez dizute emango; eta hemendik bidalitako dirua bakarrik eskuratu dezakezu. Baina banketxe gutxi batzuk daude, hemendik dirua bidaltzeko aukera daukatenak; eta hemendik 50.000 Birr (Etiopiako moneta) bidaltzen badituzu hara, beraiek nahi duten bezala emango dizute: 1.000 Birr aste osorako, edo 5.000 Birr hilabete osorako, edo denbora batez ez dizute ezer emango... Zerbait jan ahal izatea da gure eguneroko erronka, eta pertsona batzuk hil egin dira, ezin izan dutelako sendagairik edo elikagairik erosi, bankuan dirua eduki arren. Jende asko dago tuberkulosiarekin, eta horri aurre egiteko, sendagaiez gain, elikadura on bat da beharrezkoa.

 

«Gehien miresten dudana da, Wukroko biztanleek daukaten lasaitasuna, egoera honetan ere; eta ez direla areagotu lapurretak, kaleko borrokak... Ikasi genezake zerbait»

 

Duela hilabete arte, telefonorik ere ez geneukan. Pentsa zer den senideren bat 40 kilometrora edukitzea, eta ez jakitea ondo dagoen, edo bizirik dagoen ere. Prezioak ere izugarri haunditu dira. Keroseno litroa, gasolindegian 17 Birretan erosten bagenuen, merkatu beltzean 350 edo 400 Birretan egon da. Beraz, garraio publikoa minimoa da, eta askoz ere garestiagoa.

 

Eta nola bizi dute hori guztia Wukroko bizilagunek?

Hori da gehien miresten dudana, oraindik ere lasaitasuna daukatela. Egoera honetan ere, ez direla areagotu lapurretak, kaleko borrokak... Beti izan dugu segurtasuna kalean, eta hala da orain ere. Guk baratza daukagu eskolan, eta bertatik jatekoa lapurtu zezaketen, baina ez da halakorik gertatu. 

Haurrak ez dira sekula kexatzen. Apenas daukate ezer jatekorik, eta kalean korrika ikusten dituzu hala ere. Egoeraz oso kontziente dira, eta asumituta daukate: gaur zerbait jateko badaukagu, jango dugu; eta bestela ez. Orain, behintzat, jolaserako aukera daukate, Covidarekin bizitza sozialik ere ez zegoelako.

Hemen, aldiz, ikusten dituzu politikariak halako mozioari buruz eztabaidan, elkarri oihuka, biraoka... Lotsagarria da. Ikasi genezake zerbait, hango biztanleen lasaitasunaz. 

 

Nazio Batuen Erakundea eta Europar Batasuna aipatu dituzu lehen, besteak beste. Zer diozu, gatazka batzuei eta besteei ematen dieten garrantziaz?

Garbi dago, gatazka batzuei soilik egiten zaiela kasu. Inori ez zaio inporta Tigrayn gutxienez 600.000 pertsona hil izana. Baina, aldiz, dena dakigu soldadu errusiar batek hil zuen aurreneko ukrainarrari buruz, eta NBEk bere burua zoriondu zuen hain azkar erantzuteagatik gizateriaren kontrako krimen horren aurrean. Ordurako, Tigrayn 200.000 pertsona hil zituzten, eta ez zuten ezertxo ere egin. 2021eko apirilean, NBEk idatzi bat argitaratu zuen, salatuz soldaduen krudelkeria Tigrayn, eta emakumeak bortxatzen ari zirela. Baina ohar hura argitaratu zuten, eta papera zaborretara botako zuten, ordutik ez baitute ezer egin. 

Dena den, Ukrainaren kasu­an adibidez, uste dut bakarrik egiten diotela kasu Europaren segurtasuna bermatzeko. Ukrainarrak ez zaizkie inporta. Dena Mendebaldearen inguruan mugitzen dute: Ipar Amerika eta Europa. Europaren egonkortasuna eta segurtasuna kolokan jarri dezaken edozerekin, inplikatu egingo dira; izan Ukrainako gerra edo pateretan iristen diren afrikarrak. Bi kategoria daude, argi eta garbi: Mendebaldea, eta gainerako guztia.

Pateretan iristen direnen kasua ikaragarria da. 2000 urtean, Europatik arrantzarako bukeak iristen hasi ziren Senegalgo kostaldera. Han, Saint Louis hirian, biztanleek urteak eta urteak zeramazkiten arrantzatik bizitzen. Baina ontzi haiek industrialki suntsitu zuten arrantza guztia, eta hortik aurrera, biztanleek ezin izan zuten arrantzatik bi­zi. Horregatik, Europara migratu behar izan zuten, eta Europako herrialdeek zaintza hasi zuten, haiek ez etortzeko. Arrai guztiak kendu genizkien aurrena, bizibidea suntsitu; eta Europara etortzea debekatu genien ondoren. Gaiztoak gara. Afrika belauniko mantendu nahi dugu, hala komeni zaigulako.

 

Wukron zaudenetik, bizi duzun garai gogorrena izango da...

1992an nago Wukron, eta hau da garai zailena, zalantzarik gabe. Urte hauetan guztietan, Wukro bere errautsetatik hazi da. Hezkuntza, osasungintza... dena oso prekarioa zen. Etiopia osoan hiru unibertsitate zeuden, eta orain 50 inguru dira. Ospitaleak egin dira, eskolak ere bai... Ilusioa zegoen, eta gobernuak zeuzkan muga guztiekin, ikaragarria da egin dutena. Ni hara iritsi nintzenean, Tigrayn apenas zegoen asfaltorik. Mussoliniren garaiko errepideen zati gutxi batzuk geratzen ziren, 15 kilometro inguru; eta hobe zenuen zelaietatik joan, errepideko zuloetatik pasa baino. Lan haundia egin da, eta Etiopia osoa garatu da pixkanaka. Baina egungo gobernuarekin, gauzak aldatu egin dira, eta egindako lan guztia pikutara joan da.

 

Angel Olaran, bere jaiotetxea atzean duela.
 
 

Hernanira bueltatzen zarenean, zer sentitzen duzu?

Konturatzen naiz, hemen ezezaguna dela han gertatzen ari den guztia. Eta sentsazioa daukat, justizia baino karitatea eskatzen ari garela, limosnatxo bat. He­mengo norbaitek euro bateko aportazioa egiten badu, han pertsona batek egun batez elikatzeko aukera dauka. Arreta ematen diegu 500 umezurtzi, adinekoei, haurdunei, gaixo daudenei...

 

Urte hauetan guztietan, zein maiztasunekin bueltatu zara jaioterrira?

Hasieran, hiru urtetik behin etortzen nintzen. Orain, normalean bi urtetik behin bueltatzen naiz, baina bilera edo jardunaldiren bat edukiz gero, maizago etortzen naiz. Hango egoeraren berri emateko etortzen naiz, eta ez atseden hartzeko edo indarrak berritzeko. Horren beharrik ez daukat; alderantziz, han kargatzen ditut pilak, jendearen harrerarekin. Nire burua aurkitu dut Afrikan. Hemen geratu izan banintz, ez nintzateke izango gaur egun naizen pertsona bera. Nahiko konforme nago nire buruarekin. Han hazi naiz ni, hango jendearekin.

 

Beraz, zuk egindako ekarpena, bueltan ere jaso duzu.

Nik egin dudan ekarpena, kuantifikatu egin daiteke. Egin dugu eskola, putzuak, anbulatorioa... Eta bideratu dugun dirua ere bai, nahi izanez gero. Baina beraiek ematen dizutena ezin da kuantifikatu: harrera beroa, maitasuna, babesa... Espero dut nik ere, gauza materialez gain, eman izana zerbait nire izaeratik, gertutasunetik eta fedetik. Ez badut hori ematerik lortu, komertziante huts bat izango nintzateke. Harreman pertsonal aberasgarri batek eta goxotasunak gehiago balio du, gauza materialek baino. Seme-alabek maite badute aita dirua ekartzen duelako, eta ez daukaten harremanagatik, ez dauka balio haundirik.

 

Tanzaniaren eta Wukroren garapena ezagutu duzu gertutik, eta Hernanikoa, aldiz, 'saltoka'. Nola bizitu duzu herriaren eboluzioa?

Nik gaztetan ezagutu nuen Hernani hartatik, asko aldatu da. Orduan, herriko etxe guztiak ezagutzen nituen; eta orain, aldiz, herriko gune batzuk ezagutu ere ez ditut egiten. Hernani oso erreferente garrantzitsua da nire sustraietan, baina ez dut bizitu bere eboluzioa. Ni Afrikara joan baino lehen, bigarren hezkuntzako insitituturik ez zegoen, Biteriko 'unibertsitatea' bakarrik zegoen. Aldaketa horiek ikusi ditut, baina ez ditut bizitu. Hasieran, etortzen nintzenean, jende ezaguna topatzen nuen nonahi. Baina denborarekin, ezagutzen ez nuen jende asko ikusten nuen kalean, ez bainuen herrian denbora nahikorik ematen, pixka bat integratzeko. Eta orain, gutxi dira ezagutzen ditudanak, 65 urtetik gorakoak.

 

Nolakoa zen herria, Hernanitik joan zinenean?

Guztiok ezagutzen genuen elkar. Biteriren bitartez, antzeko adineko guztiekin zeneukan harremana. Sei maila zeuden: lehenengo mailan zeundenean, bost urte zaharragoak zirenak ere ezagutzen zenituen; eta aldiz, seigarren mailan zeundenean, bost urte gazteagoak zirenak. Herrian lau edo bost tokitan elkartzen ginen; tartean, Txantxillako futbol zelaian. Eta baserrietatik ere pasatzen ginen, mendira joatean. Hernaniarren %80a ezagutuko nuen, akaso.

Gainera, nik lau urtez egin nuen lan banketxe batean, eta horrek ikusarazi zidan zer nolako arazo ekonomikoak zeuden familietan. Plazoka erosten ziren gauza asko dendetan.

Eta txikitatik egon naiz familiarekin elizaren inguruan. Elizara ez zijoana seinalatu egiten zuten garai hartan. Gizarteko giroak integratu egiten zintuen, eskolako bidetik zein elizatik.

 

Zergatik erabaki zenuen Afrikara joatea?

Elizaren inguruan nenbilela eta, banekien gazte batzuk misiolari joaten zirela, Afrikara edo Hego Amerikara. Nik ere barruan sentitzen nuen joateko gogoa. Gure koadrila desegiten hasi zen pixkanaka, bakoitza bere familia eta bizitza egiten hasi zelako. Eta aita hil zenean, Jainkoarekin bizipen indartsu bat izan nuen, eta Afrikara joateko ideiak indarra hartu zuen nire baitan. Joatea erabaki nuen azkenean, 33 urterekin; posible bazen, bizitza osorako. Han bazeuden elizako talde batzuk, misiotan lan egiten zutenak; eta bada erakunde bat, Afrikan bakarrik lan egiten duena: Afrikako Misiolariak. Haiekin joan nintzen bertara, eta gaur arte.

 

Nola gogoratzen dituzu hasierako garaiak, Tanzanian?

Joan aurretik gauza asko entzuten dituzu, eta bertan egondako jendearekin hitz egiten duzu. Be­raz, ideia batekin zoaz. Baina hara iristean, familia batekin eta bestearekin egiten duzu topo, halako taldearekin, herri batekin... Eta orduan hasten zara bizitzen, kontatu dizuten guztia. Oso prozesu polita izan zen. Jendeak oso ondo hartu ninduen, eta lagundu egin zidan. Apaiza izateak ate asko irekitzen dizkizu, baita ortodoxoen, musulmanen edo ateoen artean ere. Beraiek jarrera horrekin hartzeak, zuri laguntzen dizu jarrera irekiagoa izaten; eta ez izaten apaiz bat soilik. Hango bizitzan integratu nintzen, eta apaiz gisa baino gehiago, lagun bezala ikusi ninduten. Horrela, izaera humanoagoa hartzen du harremanak, eta ez hain profesionala.

Pixkanaka hazi nintzen, eta hizkuntza, ohitura eta pentsamendu ezberdinak ezagutu nituen. Askotan, ez datoz bat hemengo ohiturekin, kulturarekin eta eskubideekin; eta horregatik, gaitzetsi egiten ditugu. Kultura horiek daukaten balioa suntsitu dugu, Mendebaldeko kulturaren mesedetan.

 

Nolatan mugitu zinen Wukrora, gero?

Afrikako Misiolariak erakunde­ak herrialde askotan egiten du lan, eta bakoitzean dauden be­harren arabera, misiolariak mugitzen gaituzte. Ni oso gustura nengoen Tanzanian, 20 urte neramazkien, eta ez nuen aldaketarik eskatu. Baina, garai hartan, uste izan zuten Tanzanian baino gehiago behar nindutela Wukron; eta erabaki nuen proba modura joatea, ea nire tokia aurkitzen nuen; bestela Tanzaniara bueltatuko nintzen. Eta hortxe nago oraindik, nire tokiaren bi­la; uste dut, hainbeste urteren ondoren, aurkitu dudala.

 

Hernani Wukrorekin elkartea ere jarri zenuten martxan, hemendik laguntza bideratzeko.

Tanzanian nengoenean, jendea pobrea zen, baina bazeukaten nahikoa jateko, pixka bat saltze­ko, eta oinarrizko gauzak erosteko. Ia dena txabolak ziren, elektrizitaterik eta horrelakorik ez zegoen; baina arropa, sendagaiak eta horrelakoak bazeuzkaten. Gainera, urtean sei hilabetez egiten du euria, eta oso zaila da lehorte haundirik izatea. Horregatik, oso kasu gutxitan eskatu genuen laguntza ekonomikoa.

Wukron, aldiz, miseria zen nagusi. Ez zegoen eskolarik, ez ospitalerik, eta bai elikadura arazo haundiak. Haur batzuek, indarrik ez zeukaten ahoan jarritakoa jateko ere. Orduan hasi nintzen laguntza eskatzen hona. Hemengo jendea ere joan zen Wukrora, eta egoeraz jabetu ziren. 

 

Hemengoek mantendu dute laguntzeko borondatea?

Bai, egiten dituzte aportazioak oraindik, baina gehiago jasotzea beti izango da ongietorria. Orain 500 umezurtzi ematen diegu arreta, baina egongo dira beste 500 artatzerik ez daukagunak. Eta 1.000 adinekori laguntzen badiegu, beste 1.000rengana ezin dugu iritsi. Iristen den laguntza guztia, erabili egiten da.

Guztiok batzen gaituena da, kosmopolitak garela, denak garela berdinak. Eskubideak ez dauzkagu gobernu batek nortasun agiri bat ematen digulako, kosmopolitak garelako baizik. Ho­rrek batzen gaitu, eta nazionalitateek, aldiz, banandu. Baina ez gara horretaz kontziente. Nola geratuko gara oporrik gabe, beste bati laguntzeko? Gustatuko litzaiguke, ordea, beste batek hori egitea, guk behar dugunean. Batzen gaituenari eman beharko genioke garrantzia, baina banantzen gaituena da gobernuek lantzen dutena. Subiranotasun nazionalak kezkatzen gaitu, baina elikadura subiranotasunak ez; eta elikadurarenak behar luke lehentasuna.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!